Ekimenak UPV/EHUko ikertzaileak herritarrengana hurbildu zituen, haien lana eta horrek gizarteari ekartzen dizkion onurak ezagutaraziz, eta bokazio zientifikoa sustatuz, berdintasun-baldintzetan.
Bilboko Areatzako kaiak eta Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Portugaleteko eraikinak (Nautika – Itsagunea) Zientzia izan zuten protagonista joan den ostiralean, irailak 27, Ikertzaileen Europako Gauean. Ekitaldi zientifiko hau Europar Batasuneko 370 hiritan baino gehiagotan egiten da aldi berean.
Bilbon, UPV/EHUk bosgarren urtez egin zuen bat Europako ekitaldiarekin. Herritarren parte-hartzea handia izan zen. 7.150 pertsona hurbildu ziren Areatzako pasealekuan jarritako 31 txoko zientifikoetara, ia iazkoaren bikoitza. Bertan, EHUko 170 adituk euren ikerketen emaitzak partekatu zituzten bertaratu zirenekin. Gizartearentzat garrantzitsuak diren arazoei irtenbideak bilatzeari lotutako proiektuak aurkeztu ziren, hala nola, minbiziari, klima-aldaketara egokitzeari –eraldaketa soziala, ura eta ozeanoak barne–, hiri adimentsu eta klimatikoki neutroei, edo lurzoruaren eta elikagaien osasunari lotutakoak.
Gainera, gazteek UPV/EHUko emakumezko ikertzaile batzuen ekarpenak bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten, genero oztoporik gabeko bokazio zientifikoa sustatzeko helburuarekin.
Inaugurazio ofizialean, Nerea Jauregizar Ikerketaren Gizarte Hedapeneko zuzendariak eta Guillermo Quindós Garapen Zientifiko-Sozialeko eta Transferentziako errektoreordeak UPV/EHUko ikertzaileek gizartearen beharrei erantzuteko duten konpromiso sendoa azpimarratu zuten. Era berean, eskertu egin zuten ikertzaileek egindako ahalegina zientzia herritarrengana hurbiltzeko eta bokazio zientifikoa sustatzeko.
Portugaletekoa, aldiz, Europako Gauaren lehen edizioa izan zen. Familiei zuzendutako ekimen zientifiko honek Euskadin itsas energia berriztagarriek eta itsas zientziek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten potentziala erakustea izan zuen ardatz, modu ludiko eta entretenigarrian. 2.000 pertsona baino gehiago bildu ziren OREgauan, Bilboko Ingeniaritza Eskolak Portugaleten duen eraikinean (Nautika – Itsagunea). Tecnaliak gidatutako ekimen honek, UPV/EHUrekin, Euskampus Fundazioarekin eta BCAM-Basque Center for Applied Mathematics-ekin lankidetzan egindakoa, sektoreko 20 enpresa baino gehiagoren babesa izan du. Besteak beste, erakusketak, jolas didaktikoak, aerosorgailuen maketen eraikuntza, itsaspeko roboten lehiaketa, droneen hegaldiak eta adin guzteitarako laborategiko esperimentuak egon ziren.
Bilbon eta Portugaleten antolatutako Ikertzaileen Europako Gaua G9 unibertsitate taldearen G9-SCIENCE4ALL eta Tecnalia, UPV/EHU, Euskampus Fundazioa eta BCAMen ORE4citizens proiektuen barruan sartzen da. Europako Batzordeak bi ekimen horiek finantzatzen ditu Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) Ekintzen eta Horizonte Europa programaren barruan.
Informazio gehiagorako: