Beasaingo lantegiko instalazioetara egindako bisitan, Mikel Jauregi sailburuak trenbidea aldarrikatu du garraioaren deskarbonizazioan funtsezko eragile gisa, eta herrialdea egituratzeko eta enpresen lehiakortasunean laguntzeko duen gaitasuna nabarmendu du
Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, CAF enpresaren egoitza nagusia bisitatu du Beasainen. Bertatik bertara ezagutu nahi izan ditu garraioaren deskarbonizaziorako eta elektromugikortasunerako estrategikoa den enpresaren instalazioak. Javier Martínez Ojinaga CAFen kontseilari ordezkariak eta Iosu Ibarbia teknologiako zuzendariak harrera egin diete sailburuari eta harekin joan den Jaione Ganzarain Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari.
Elkarrekin bisitatu dituzte Beasaingo lantegia osatzen duten guneak, eta bertatik bertara ezagutu dituzte CAF nazioarteko enpresa liderraren proiektu nagusiak, trenbidearen arloko (metroa, tranbiak, abiadura handia…) eta beste arlo batzuetako (autobus jasangarriak) garraio-sistema integralen hornitzaile gisa.
CAF euskal enpresa liderra da garraioaren deskarbonizaziorako eta elektromugikortasunerako bidean, eta, horregatik, Mikel Jauregik enpresa horrek ikerketaren eta garapenaren alde egiten duen apustu garrantzitsua nabarmendu nahi izan du, oso berrikuntza-maila handia baitu funtsezko zenbait arlotan, hala nola deskarbonizazioan, automatizazioan eta produktu eta zerbitzuen digitalizazioan.
Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak % 3ko partaidetza du CAF enpresaren kapitalen sozialean, FINKATUZ funtsaren bidez. Helburua da mundu osoan 15.000 langile dituen (horietako 3.000 Beasaingo faktorian) enpresa bertan errotzea, Euskadirentzat estrategikoa den eta euskal ekonomiari tira egiten dion enpresa den heinean. Enpresak 3.825 milioi euroko negozio-zifrarekin itxi zuen 2023. urtea, eta planeta osoko 14.000 milioi eurotik gorako eskaera-zorroa du.
Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, “CAF enpresa erabat estrategikoa da Euskadirentzat, 1917tik berrikuntza eta garapen teknologikoaren aldeko apustu adierazgarria egiten baitu. Industria-enpresa den aldetik, bere inguruko beste enpresa batzuen gainean trakzio-lan garrantzitsua egiteaz gain, enplegua eta aberastasuna sortzen ditu lurralde osoan eta nazioartean; gainera, mundu osoan aitortzen den euskal industria sendoaren adibiderik onenetakoa da. “Industria gehiago” eta “industria hobea” lortzeko bidean aurrera egiteaz hitz egiten dugunean, I+G+Bren eta teknologiaren aldeko apustu irmoez ari gara, hau da, CAFek azken urteetan egin duen apustuaz. Hartara, Eusko Jaurlaritza beti izan dute eta izango dute bide horretan bidelagun.
“Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak % 3ko partaidetza du CAFen kapital sozialean; haren errotzea bermatzeko ez ezik, enpresari etorkizuneko erronka garrantzitsuetan laguntzeko ere bai, hala nola inbertsio teknologikoetan”, erantsi du Mikel Jauregi sailburuak.
“CAF bazkide garrantzitsua da etorkizunean aurre egin beharreko erronketarako, batik bat garraioaren deskarbonizazioari eta elektromugikortasunari begira. Gaur egun, salgaien eta bidaiarien garraioak eragiten du Euskadiko berotegi-efektuko gas-emisio osoaren % 35 inguru, bereziki errepide bidezko garraioan erregai fosilak erabiltzearen ondorioz. IHOBEk aste honetan aurkeztutako berotegi-efektuko gasen emisioen inbentarioaren aurrerapenaren arabera, 2023an garraioaren emisioak % 1 egin du behera 2022aren aldean, baina badakigu beheranzko erritmo hori nabarmen bizitu behar dugula”, baloratu du Jauregik. “Horregatik aldarrikatzen dugu trenbidearen funtsezko zeregina, bai garraioaren elektrifikazioan, bai pertsonak eta salgaiak garraiatzeko herrialdea egituratzeko garaian, baita gure enpresen lehiakortasunari eman diezaiokeen plusagatik ere. Horregatik guztiagatik, ondorioztatzen dugu benetan harro egoteko modukoa dela Euskadik lehen mailako tren-industria izatea, herrialdeak etorkizunean izango dituen erronka handietan laguntzeko gai den industria”.