Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak “mingain urdina” gaitza kontrolatzeko neurriak aktibatu dituzte

0

Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak mingain urdina izeneko gaitza kontrolatzeko neurriak aktibatu dituzte, Gipuzkoan kasu bat antzeman ondoren. Erakundeek asteak daramatzate ganadu guztiari txertoa jartzeko gomendatzen. Euskadik “mingain urdinik gabeko eremu” izateari utzi dio, eta abereetan neurri sanitarioak hartu ditu gaitzari aurre egiteko.

Mingain urdina ez zaie pertsonei transmititzen, eta batez ere ardi-aziendari eragiten dio, eta, neurri txikiagoan, behi-aziendari. Nahitaezkoa da txertoa jartzea 3 hilabetetik gorako abereentzat. Orain dela 4 urte desagerrarazi zen mingain urdina Euskadin, ardi-azienda eta behi-azienda guztia txertatu izanari esker.

Joan den ostiralean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Fraisoroko laborategian mingain urdinaren kasu susmagarri bat antzeman zuten Oiartzungo (Gipuzkoa) ustiategi bateko ardi batean. Laginak Algeteko Erreferentziako Laborategi Nazionalera bidali zituzten, eta aste honetan egiaztatu dute mingain urdinaren birusaren 8. serotipoa dela.

Gaitza agertu den ustiategian 85 ardi, 5 ahuntz eta 19 behi zeuden. Gaitza zuen ardiak gaitzarekin bateragarriak diren sintomak zituen, eta azkenean akabatu egin da. Gipuzkoako Foru Aldundiak ustiategiko gainerako abereen laginak hartu ditu, eta guztiek negatibo eman dute mingain urdinaren PCRn.

Abereen gaitz hori eltxoen ziztadaren bidez transmititzen da hausnarkarien artean, eta orain dela lau urte ere agertu zen Euskadin. Orduan, gaitza txertaketa espezifikoaren bidez kontrolatu eta desagerrarazi zen, eta frogatu zen txertaketa eraginkorra zela gaitz hori kontrolatzeko eta gaitzaren aurka borroka egiteko, eta 2022aren amaieran gaitzetik libre geratu zen.

Joan den astean, EAEko agintariek ohartarazi zuten gaitza agertzeko arrisku handia zegoela Euskadin, inguruko egoera epidemiologikoa zela-eta, eta abeltzainei dei egin zieten abereen txertaketak areagotzeko, gaitza agertzea prebenitzeko eta edozein susmo izanez gero ahalik eta azkarren jakinarazteko.