Lehendakariak: «Madrilen, Parisen eta Bruselan euskal herritarren interesak defendatzea da gure betebeharra»

0

Imanol Pradales Lehendakaria eta Jean-René Etchegaray Iparraldeko Komunitateko Lehendakaria Baionan bildu dira gaur, Mankomunitatearen egoitzan, erakundeen arteko lankidetza indartzeko asmoz

Imanol Pradales Lehendakaria eta Jean-René Etchegaray Iparraldeko Komunitateko Lehendakaria eta Baionako alkatea Baionan bildu dira gaur goizean, Mankomunitateak Lapurdiko hiriburuan duen egoitzan. Lehendakaria pozik agertu da Jean-René Etchegarayk erakutsitako lankidetza-espirituarekin. Halaber, María Chivite Nafarroako Gobernuko presidentearekin duela gutxi izandako bileran jarrera bera izan zuela nabarmendu du. Ildo horretan, Pradalesek esan duenez, «gure lurraldeen arteko elkarlan hau behar historikoa da, gure herriaren errealitateari erantzuteko lan egiteko modu eredugarria».

«Gaurko bileran elkarlana izan dugu hizpide, eta horren adibide da 2019an sinatutako Memoranduma». Memorandum horri dagokionez, Lehendakariak jakinarazi du abendurako osatuta egotea espero dutela. Pradalesek memorandum honetan jasotako konpromiso batzuk gogorarazi ditu. “Erronka hauetan elkarlana indartu eta sakontzeko konpromisoa hartu dugu: trantsizio eko-soziala, laborantza eta elikadura jasangarria, mugikortasuna, lurralde eta ekonomia garapena, euskara eta kultura, migrazioa eta, azkenik, Ardatz Atlantikoari bultzada”, esan du Lehendakariak .

Ekimen garrantzitsu batzuk, jada abian

Akordio hori 2019an abian jarri zenetik, ekimen garrantzitsuak gauzatu dira, Pradalesek gogorarazi duenez. Nabarmentzekoak dira Hendaiako Truke Multimodalerako Zentroa eraikitzea, migratzaileen aldeko ekintza bateratuak egitea edo Europako Batzordeak mugaz gaindiko lehen jatorri-deitura, Euskal Sagardoa baimentzeko ekimena.

Atlantikoko ardatzaren bultzadari dagokionez, Imanol Pradalesek adierazi duenez, «Arku Atlantikoa osatzen dugun nazio eta eskualdeek Europako garapen berritik deskonektatzeko arriskua dugu. Gure interes eta gaitasun propioak jokoz kanpo gera daitezke. Gure betebeharra da Arku Atlantikoak Europan duen posizioa indartzea. Beraz, «Piriniotako bi aldeetako euskal herritarren interesak defendatuko ditugu, Madrilen, Parisen eta Bruselan”, baietsi du.

Helburu hori lortzeko, orain tresna berri bat dutela jakinarazi dute, AFOMEF programa (Mendebaldeko Eremu Funtzionala), FEDER Europako Funtsetara hobeto iristea ahalbidetuko diena.