Osakidetzak gaur ekin dio arrisku-taldeetako pertsonen eta 60 urtetik gorakoen txertaketari Euskadiko osasun-zentroetan

0
  • Ostegunean zita eskatzeko kanalak ireki zirenetik, 38.600 lagunek dagoeneko hartu dute ordua, eta horietatik, 1.500 haurrak dira eta 14.400 80 urtetik gorakoak
  • Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute txertaketa dela gripeari eta covid-ari aurrea hartzeko tresnarik onena, eta, horregatik, herritarrak bere burua babestera animatu dituzte, bereziki pertsona zaurgarrienak

Gaur, astelehena, urriak 7, Osakidetzak gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpaina abian jarri du Euskadiko osasun-zentroetan, arrisku-taldeentzat eta 60 urtetik gorakoentzat. Joan den ostegunean zita eskatzeko kanalak ireki zirenetik, Osakidetzak 38.626 pertsonari eman die hitzordua guztira, eta horietatik 1.500 haurrak dira eta 14.407 80 urtetik gorakoak. Lurraldeka, 4.169  zita eman dira Araban (277 haur eta 1.165 80 urtetik gorakoak), 20.970 Bizkaian (1.064  haur eta 7.914 80 urtetik gorakoak) eta 13.487  Gipuzkoan (233haur eta 5.328 80 urtetik gorakoak).

Iaz bezala, Osakidetza aukera ematen ari da arrisku-taldeetako herritarrei gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoak aldi berean hartzeko. Gainerako herritarrek gripearen aurkako txertoa jarri ahal izango dute azaroaren 4tik aurrera.

Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute txertaketa dela gripeari eta covid -ari aurrea hartzeko tresnarik onena, eta, horregatik, herritarrak bere burua babestera animatu dituzte, bereziki pertsona zaurgarrienak. Eraginkortasun frogatuko neurria da txertoa, eta gaixotzeko probabilitatea murriztea, sintomen garrantzia mugatzea eta konplikazio posibleak prebenitzea ahalbidetzen du.

ZER PERTSONAK OSATZEN DITUZTE ARRISKU-TALDEAK?

60 urte edo gehiagokoek.

  • Patologia kronikoren bat (biriketakoa, bihotzekoa, diabetesa…) duten pertsonek.
  • Haurdun dauden emakumeek.
  • Profesional sanitarioek, gizarte-zerbitzuetako langileek eta familietako zaintzaileek.
  • Adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonek (hasi da jada txertaketa).

 Gainera, bigarren urtez jarraian, Osakidetzak sistematikoki emango die gripearen aurkako txertoa 6 hilabetetik gorako eta 5 urtetik beherako haurrei, txerto hori sartu baitu adin-tarte horretako haurren txertaketa-egutegian. Arrisku-egoeran dauden 5 urtetik gorako pertsonei ere emango zaie txertoa.

2 urtetik 5 urtera bitarteko haurrei sudurretik ematen den txertoa jarriko diete, ziztada saihesteko; beraz, atxikimendu handiagoa espero da.

NOLA ESKATU ZITA?

Hasieran, arrisku-taldeetako pertsonei emango zaie lehentasuna: Horrenbestez,

  • Arrisku-talde batean bazaude: eskatu zita gaur bertan, Osakidetzaren webgunearen bidez edo zure osasun-zentrora deituta, txertoa urriaren 7tik aurrera jartzeko. 80 urte edo gehiago dituzten pertsonei zuzenean deituko zaie.
  • Arrisku-talde batean EZ bazaude: itxaron azaroaren 4ra arte. Egun horretatik aurrera zita eskatu ahal izango duzu gripearen aurkako txertoa jartzeko, webgunearen bidez edo zure osasun-zentrora deituta.

PREBENTZIO-NEURRIAK

Txertoa hartzeaz gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak gripea eta beste arnas gaixotasun batzuk prebenitzeko oinarrizko prebentzio-neurriak hartzea garrantzitsua dela azpimarratu dute: eskuetako higienea; eztul eta doministiku egitean ahoa eta sudurra estaltzea; espazioak-itxiak sarri aireztatzea; eta maskara erabiltzea sintomak edukiz gero edo pertsona kalteberekin kontaktuan egonez gero.

 

Informazio gehiago hemen: https://www.osakidetza.euskadi.eus/2024ko-txertaketa-kanpaina/webosk00-oskenf/eu/