Amaia Barredok arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako laguntza berriak iragarri ditu, 13,5 milioi euro izango dira

0
PRUEBA

Imanol Pradales buru dela egin den Gobernu Kontseiluan oniritzia eman zaio Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako proposatutako laguntzen aginduari. Guztira 13.580.700 euro bideratzen ditu laguntza horietara. Horietatik 9.506.490 euro Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari (FEMPA) dagozkio, eta 4.074.210 euro Euskadiko aurrekontuei. Halaber, 3.580.700 euro 2024ko ekitaldiko ordainketa-kredituak dira, 5.000.000 euro 2025eko ekitaldirako konpromiso-kredituak eta beste 5.000.000 euro 2026ko ekitaldirako konpromiso-kredituak.

2024ko ekitaldian, aurrekontu-esleipenaren muga dela eta, diruz lagundu beharreko laguntza-lerroak, FEMPA Erregelamenduan aurreikusitakoen artean, honako hauek dira: arrantza-baliabideen kudeaketa jasangarria; hondakinak biltzea, arrantzaleek parte hartuz, itsasoan eta hondartzetan; arrantzaren eragina murriztea; energia-efizientzia eta klima-aldaketa arintzea ahalmena handituta eta handitu gabe; motorrak ordezkatu edo modernizatzea; ontzian lan- eta segurtasun-baldintzak hobetzea, arrantza-ahalmena handituta edo handitu gabe; eta arrantzale gazteentzako hasierako laguntzak.

Honako lerro hauetara ere bideratuko dira: balio erantsia, ekonomia zirkularra eta elikagaien segurtasuna; berrikuntza; prestakuntza; kontrola, ikuskapena eta zaintza; arrantza-portuak, lehorreratzeko lekuak, lonjak eta ainguralekuak; akuikulturako berrikuntza; akuikulturako inbertsio produktiboak eta enpresak sortzea; akuikulturako klima-neutraltasunerako inbertsioak; akuikulturak ingurumen-egoera onari egiten dion ekarpena eta ingurumen-zerbitzuak ematea; animalien osasun- eta ongizate-neurriak; giza kapitala eta sareko lana sustatzea; akuikultura-ekoizpeneko eremuen potentziala handitzea; ikerketari eta ezagutza hobetzeari bultzada ematea; akuikultura-ustiategietarako berariazko aholkularitza-zerbitzuak; merkaturatzea hobetzea arrantza- eta akuikultura-produktuak sustatzeko kanpainen bidez; merkaturatzeko eta eraldatzeko inbertsioak; eta, azkenik, merkaturatzea sustatzea produktuen, ontzien eta arrantzako eta akuikulturako produktuen aurkezpenen kalitatearen eta balio erantsiaren esparruan.

“Europar Batasuneko arrantza-politika bateratuaren helburuetako bat –adierazi du Amaia Barredok– flota profesionala eta errentagarria, itsasoko baliabide biologikoen ustiapen jasangarria bermatuko duena eta ustiatutako populazioen oreka biologikoa eta ingurune fisikoaren osotasuna arriskuan jarriko ez duen aprobetxamendua ahalbidetuko duena, sustatzea da.

2027ra arte

Europar Batasunaren arrantza-politika bateratu berriaren zutabeetako bat Europar Batasunaren finantza-neurrietan oinarritzen da, Itsas Zuzenbideari, arrantzako eta akuikulturako eremuen eta barneko arrantzaren garapen jasangarriari eta Itsas Politika integratuari dagokienez aplikatzeko. Horretarako, arrantza-jarduera behin betiko eta aldi baterako geldiarazteko laguntzak ezarri ziren.

Europako Parlamentuaren eta Europar Batasuneko Kontseiluaren Erregelamenduaren bidez, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa (FEMPA) ezarri zen 2021eko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra bitarteko aldirako, eta funtsaren lehentasunak, aurrekontua eta Batasunaren finantzaketa emateko arau espezifikoak ezarri ziren, FEMPAri aplikatu beharreko arau orokorrak osatzen dituztenak. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak hautaketa-irizpide batzuk ezarri zituen Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtseko programako laguntzak emateko.

Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako aginduan ez da arrantza-jarduerak aldi baterako geldiarazteko laguntzen deialdirik egiten, laguntza horiek aparte izapidetzen baitira, eta horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza-portua duten arte txikien erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa ezartzen da EAEko barneko uretan.

Horrela bada, Aginduaren bidez, FEMPA Erregelamenduan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko epea irekitzen da, Europar Batasun osoan erregelamendu komunitarioak zuzenean eta nahitaez aplikatzeko printzipioa kontuan hartuta, ez baitute transposiziorik behar estatu kideetan.

Lehentasunak

FEMPAk APB eta Europar Batasuneko itsas politika aplikatzen laguntzen du, eta bere lehentasunak dira arrantza jasangarria sustatzea eta uretako baliabide biologikoak eta akuikulturako jarduera jasangarriak berreskuratzea eta kontserbatzea, bai eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzea eta merkaturatzea ere, horrela Batasuneko elikagaien segurtasunari lagunduz.

Halaber, kostaldeko, uharteetako eta barnealdeko eremuetan ekonomia urdin jasangarria ahalbidetu nahi du, arrantza- eta akuikultura-komunitateen garapena sustatu nahi du, ozeanoen nazioarteko gobernantza indartu nahi du eta itsaso eta ozeanoak seguruak, babestuak eta garbiak izan daitezen eta modu jasangarrian kudeatuta egon daitezen ahalbidetu nahi du.

Eskabideak aurkeztea

2024ko ekitaldian aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua bera indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita. Hala ere, epe barruan aurkeztutzat joko dira Agindua argitaratu aurretik eskabidea aurkeztu duten proiektuak, baldin eta 2024ko ekitaldian aurkeztu badira.