Amaia Barredok nabarmendu du “orain dela sei mende baino gehiagotik egiten den Aguraingo Ganadu Azokaren esanahia eta balioa: gure gizartearen oinarrietako bat elikaduran eta laborantzan”

0

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua Aguraingo Ganadu Azokan eta Nekazaritzako Makinariaren Erakusketan izan da gaur goizean. Bertan nabarmendu du “orain dela sei mende baino gehiagotik, 1395etik, egiten den topaketaren esanahia eta balioa; izan ere, erakutsitako ganadua gure gizartearen oinarrietako bat da elikadurari eta laborantzari dagokienez. Zoragarria da gure historia eta gure bizimoduak mantentzea”.

Aguraingo jaiak joan den larunbatean hasi ziren txupinazoarekin. Gainera, ETSk kontzertua eman zuen San Juan plazan, La Excavadora taldearekin batera. Gaur, asteartea, egin den ganadu azoka 1395ean sortu zen, eta jaien aitzindaria da. Aurten behi, ardi, zaldi, ahuntz eta txerri aziendetako 200 buru baino gehiago jarri dituzte ikusgai, eta era guztietako artisau-produktuak erosi ahal izango dira bertan.

Hain zuzen ere, gaur, Amaia Barredo buru duen sailak produkzioko arraza garbien abeltzain-elkarteei zuzendutako eta arrazak kontserbatzeko, hautatzeko, hobetzeko eta sustatzeko 2024ko laguntzen deialdia egin du. 2024ko ekitaldirako 600.000 euro izendatuko dira laguntza horiek finantzatzeko. Diruz lagundu daitezkeen gastuak dira abere lehiaketak antolatzeko eta lehiaketa horietan parte hartzeko gastuak, liburu genealogikoak sortzeko edo mantentzeko gastuak eta ganaduaren kalitate genetikoa eta errendimendua egiaztatzeko proben gastuak.

Gaur Agurainen, foru- eta udal-ordezkariekin batera, Barredo sailburuak “Euskal Herriko Mendiko Zaldia” arrazako Euskadiko zaldi-aziendaren XV. lehiaketa morfologikoa, Arabako XXXVIII. Artzain Gaztaren Lehiaketa eta behi, txerri, ahuntz eta ardi azienden eta nekazaritzako makineriaren erakusketak bisitatu ditu.