Eusko Jaurlaritzak lankidetzarako eta elkartasunerako lan-ildoak aurkeztu ditu Legebiltzarrean

0
  • eLankidetzak lankidetza teknikoko programak bultzatzen jarraituko du, hainbat eragile publiko eta sozial inplikatuz
  • Lankidetzarako ea Elkartasunerako legetik eratorritako araudi berria 2025ean zehar ezarriko da

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, Paul Ortegak, gaur goizean aurkeztu ditu legegintzaldi honetako lankidetza eta elkartasun arloko jarduera-ildo eta erronka nagusiak. Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Ortegak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berria azaldu du, euskal sektore publiko osorako esparru komuna ezartzen duena bere hiru mailetan. Era berean, Eusko Jaurlaritzak legea ezartzeko hartuko dituen neurriak aipatu ditu.

Ortega hasi da azpimarratzen beste herri batzuekiko elkartasunaren eta giza eskubideen alde orain arte Eusko Legebiltzarrak izan duen garrantzia, eta lege berria politika partekatu horren erakusle dela adierazten. “Honako arau berri hau Euskadik, Hegoko eragileekin batera, giza garapenaren, bizitzaren eta justizia globalaren alde jarduten jarraitzeko esparrua da”, azpimarratu du.

2025ean, eta legegintzaldian zehar, Legea “erabakitasunez” ezarriko dela esan du Ortegak. “Eusko Jaurlaritzak, Lehendakaritzaren gidaritzapean,  bere gain hartuko ditu gobernu osoaren ikuspegia eta garapen jasangarrirako politiken koherentzia”, eta aipatu du gobernuak aldizka emango diela Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluari eta Eusko Legebiltzarrari arlo horretako jardueren berri.

Ildo horretan, eLankidetzak lanean jarraituko du Eusko Jaurlaritzako beste sail eta zuzendaritza batzuekin batera programa bateratuak bultzatzeko. Horrela, truke teknikoko ekimenak bultzatzen jarraituko du, hala nola Osasun Globala Ginea Bissau-Euskadi edo AKUAL. Gainera, besteak beste, UNRWAko Lanbide Heziketa eraldatzen lagunduko du, Hezkuntza Sailaren inplikazioarekin, edo emakumeen parte hartze politikoa babestuko du ONU Mujeres El Salvador eta Emakunderen elkarlanarekin.

eLankidetzako zuzendariak, Paul Ortegak, nabarmendu duenez “erronka globalekiko erantzunkidetasunak erakundeen eta gizarte eragileen arteko aliantzak eta koordinazioa sortzera garamatza, desparekotasunen, klima-aldaketaren edo baliabideen banaketa bidegabearen aurkako borrokan laguntzeko”, eta GGKEak funtsezko eragile gisa aipatu ditu: “Euskadin zein lankidetza-sektore nahi dugun eta horretarako behar diren tresnak definitu behar ditugu eta”. 2025ean zehar egingo diren arau eta egokitzapen batzuei ekitea aurreikusten du legeak.

Gizartea eraldatzeko erronka

eLankidetzako zuzendariak nabarmendu duenez, legegintzaldi honetan garrantzia berezia izango dute gizarte eraldaketarako hezkuntza jarduerak eta (H)ABIAN 2030 gizarte eraldaketarako hezkuntzaren euskal estrategiak.  Ortegak komunikazioa aipatu du elementu eraldatzaile gisa. Hala, eLankidetzak EITBrekin duen hitzarmena aipatu du “herritarrengana iristeko eta lankidetzan eta elkartasunean hezten eta sentsibilizatzen laguntzeko”.

Bestalde, Legeak aurreikusten du bost urtean behin Euskal Lankidetza eta Elkartasunaren Egoerari buruzko txosten bat egitea. Lehen txostenerako lanak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluaren Politiken Koherentziarako lantaldean hasi dira.

Legebiltzarraren inplikazioa

Lege berriak Eusko Legebiltzarrak lankidetza eta elkartasun politikan zuzenean parte hartzeko bideak aurreikusten ditu. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren lankidetza eta elkartasun arloko urte anitzeko plangintzari buruz batzordean eztabaidatzea, kontuak ematea edo aurrekontua onartzea.