Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak adierazi duenez, “ezingo gara solidarioak izan beste herrialde batzuetan egindako bidegabekeria bera hemen ere egin zela ulertzen ez badugu”

0
PRUEBA
  • María Jesús San José sailburuak Nazio Batuen Terrorismoaren Biktimei buruzko Nazioarteko Konferentzian esku hartu du gaur Gasteizen
  •  Berretsi du beharrezkoa dela “biktimei laguntzea eta bizi izandako sufrimenduaren bidezko erreparazioa jasotzeko duten eskubidea babestea”

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak gaur adierazi duenez, “euskal herritarrak eta erakundeak ezingo gara besteekin erabat solidarioak izan baldin eta beste herrialde batzuetan egindako bidegabekeria bera hemen ere egin zela irakurtzeko gai ez bagara”. Gainera, berretsi du zuzentzen duen sailak “biktimei laguntzeko eta bizi izandako sufrimenduaren bidezko erreparazioa jasotzeko duten eskubidea babesteko” asmoa duela.

San José sailburuak Nazio Batuen Terrorismoaren Biktimei buruzko Nazioarteko Konferentzian esku hartu du gaur. Topaketa gaur eta bihar egingo da Gasteizen, ‘Hezkuntza prebentziorako, bakegintzarako eta terrorismoaren biktimak ahalduntzeko tresna gisa’ izenburupean, eta mundu osoko adituak eta biktimen elkarteak izango dira bertan. Zehazki, San José sailburuak ‘Ekintza instituzionala biktimek eta biziraun dutenek euren eskubideak lortuko dituztela eta euren premietan lagunduko zaiela bermatzeko’ izeneko panelean hitz egin du. Moderatzaile-lanetan Montserrat Torija Barne Ministerioko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendari nagusia aritu da.

Bere hitzaldian, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak eskerrak eman ditu konferentzia egiteko Euskadi hautatu izanagatik, “hemen, zoritxarrez, badakigu-eta terrorismoaren drama zer den”, esan du. “Asko izan dira gure bizikidetzaren aurkako erasoak, hainbat erakunde terrorista ezagutu ditugu, bai eta borroka-ustean egindako abusuen eta torturen gaitza ere”. Hori dela eta, erantsi du, “badakigu proiektu politiko bat inposatzeko izua erabiltzeak haustura soziala, mina eta biktima-arrasto bat dakartzala, eta guztiek merezi dute memoria, erreparazioa eta justizia”.

Biktimak politiketan integratzea  

Alde horretatik, aitortu du euskal gizartea “bost hamarkadatako terrorismoak, saminak eta malkoek, mende erdi batean bizi izandako izuak, mehatxuek eta hilketek, desagertzen hainbat belaunaldi beharko dituen marka utzi diguten urteek eragindako zauriak kudeatzen hasita” dagoela. Hala ere, adierazi du asko dela “ekintza instituzionalak bide horretan egin dezakeena”. “Zuzentzen dudan sailaren asmoa da”, azpimarratu du, “biktimei laguntzea eta bizi izandako sufrimenduaren bidezko erreparazioa jasotzeko duten eskubidea babestea, eta ez mugatzea hartzaile pasibo izatera, baizik eta haiei entzutea eta dagozkien politika guztien palanka gisa integratzea”.

Halaber, “haien esperientzia bakearen aldeko hezkuntzaren ekarpen positibo gisa hartzearen aldeko” apustua ere egin du, “euskal herritarrak eta erakundeak ezingo baikara erabat solidarioak izan besteekin, baldin eta beste herrialde batzuetan egindako bidegabekeria bera hemen ere egin zela irakurtzeko gai ez bagara”.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak esan duenez, hori guztia “biktimagileekiko memoria deslegitimatzaile eta kritikoarekin, sektarismo eta negazionismoetatik ihes egingo duen memoriarekin, herritarrei terrorismoarekin izandako bizipenak osatzeko tresnak eskainiko dizkien memoriarekin, konpromiso irmoa hartuta egin behar da, oinarrizko printzipio bat asumituz: ez zen hil behar, eta biktimekiko bidegabea izan zen”.

Memoria, egia eta erreparazioa

San José sailburuak adierazi du isiltasunak ez duela belaunaldiei utziko diegun herentziaren parte izan behar. “Hori da biktimek eta etorkizuneko belaunaldiek merezi duten memoria, egia eta erreparazioa, inoiz berriro errepika ez dadin”, esan du. “Gaur, gorroto-diskurtsoak Europan zehar berriz zabaltzen direnean, mezu ozena eta argia bidali behar diegu herritarrei: badakigu bide hori antzua dela eta saminera, izura eta heriotzera baino ez garamatzala”.

Bere hitzaldia amaitzeko, sailburuak adierazi du Euskadik “elkarbizitzaren aldeko konpromisoa hartu” duela eta “etorkizunera itxaropentsu begiratzen” duela. “Gure gizartea bere memoria giza eskubideekiko eta balio demokratikoekiko errespetuan oinarrituta eraikitzen ari da, hiltzea, estortsionatzea edo torturatzea akatsak izan zirela aitortzean oinarritutako bizikidetzarako”, azpimarratu du.

 

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urriak 8