Lehendakariak: «Euskadin lehentasunezkoa da bizikidetzarantz aurrera egitea»

0
  • Imanol Pradalesek Terrorismoaren Biktimei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konferentziaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du

Imanol Pradales Lehendakariak Terrorismoaren Biktimei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konferentziaren inaugurazioan parte hartu du gaur, Gasteizen, Europa Jauregian. Lehendakariak azpimarratu du euskal gizarteak bizikidetza hobetzeko urratsak eman behar dituela. «Euskadin lehentasuna da lau zutabetan oinarritutako bizikidetza-ereduan aurrera egitea: indarkeriaren deslegitimazioa, biktima guztien aintzatespen integrala, memoria inklusiboa, kritikoa eta etikoa eraikitzea, eta printzipio eta balio etiko eta demokratikoak defendatzea».

Helburu hori lortzeko, Pradales Lehendakariaren ustez, ezinbestekoa da gertatutakoa ez ahaztea, «eta ez baimentzea errelato partziala eraikitzea, terrorearen gaitza jasan zutenekiko justiziarengatik eta gertatutakoa ezin delako errepikatu». Lehendakariak argudiatu duenez, «ahanztura bidegabekeria da, eta informazio eta prestakuntza faltak belaunaldi berriek ideologia totalitarioak onartzea eta sistema demokratikoarekiko konpromisorik ez izatea ahalbidetuko du».

Biktimak, «munduan zehar partekatzeko adibide bat»

Hain zuzen ere, terrorismoaren biktimak protagonista dituen Konferentzia honetan, Lehendakariak biktimen eta haien familien papera goraipatu nahi izan du, «urte gehiegitan hain bidegabeki isilaraziak, askotan ostrazismora kondenatuak, eta batzutan diskriminaziora ere bai. Txalotzen eta bihotzez eskertzen dugu Bakeari egindako ekarpena. Haien eskuzabaltasuna izugarria izan da eta orain ere bada. Munduarekin partekatu beharreko adibide bat dira «, adierazi du.