Matxismoaren prebentzioa gazteen artean eta eremu digitalean eta emakumeen eskubideen defentsa izango dira lehentasuna Emakunderentzat legegintzaldi berri honetan

0
  • Miren Elgarresta zuzendariak Institutuak XIII. Legegintzaldian izango dituen ildo estrategikoak azaldu ditu gaur Legebiltzarrean
  • Berdintasun ezaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren diskurtso ukatzaileen aurrerapenaz ohartarazi du, bereziki eremu digitalean

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Berdintasunerako eta Garapeneraako Lankidetza Batzordean, XIII. Legegintzaldian Institutuak izango dituen ildo estrategikoak aurkezteko. Europako Berdintasun Indizeari dagokionez Euskadi ondo kokatuta dagoen arren (100etik 74,5 puntu), Elgarrestak ohartarazi du emakumeen aurkako indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoek aurrera egin dutela, erreakzio antifeminista dagoela eta diskurtso honen bidez gizonak biktima bihurtu nahi direla berdintasunarekin eta indarkeria matxistarekin lotutako aldaketen aurrean. Mezu horiek zuzenean heltzen ari zaizkie gazteei, bereziki mutilei, «manosfera» deiturikoaren bidez, berdintasunaren eta feminismoaren aurkako mezu misoginoez betetako espazio digitala.

Errealitate horren aurrean, Emakundek legealdiko lehentasun gisa aurkeztu du gazteekin lan egitea, bereziki mutilekin, teknologiak erabiliz. Hala, honako proiektu hauek jarriko ditu abian: Gela Morea, nerabe eta gazteengan ardaztutako indarkeria matxistaren sentsibilizazio eta prebentziorako programa ibiltaria, familiei, irakasleei eta hezitzaileei zuzendua; Tratu On, tratu onak sustatzeko eta indarkeria matxista prebenitzeko zerbitzua, mutilei laguntza  emango diena; eta hauekin batera Beldur Barik edota Gizonduz ekimenaren barruan dagoen Gazteak berdintasunean 2.0 bultzatzen jarraituko da.

Elgarrestak EAEko Berdintasunerako 2030 Estrategian jasotako 11 jomugak nabarmendu ditu. Hauek dira 2030erako lortu nahi diren hamaika helburuak:

  • Euskadiko Genero Berdintasunaren Indizean 75 puntuak gainditzea.
  • Aurrekontuaren % 1,5 berdintasun-politikak garatzeko erabiltzea (% 0,99 da orain).
  • Erakunde publiko guztiek berdintasunerako zerbitzu eta unitateak izan ditzaten lortzea.
  • Administrazioetako langile guztien prestakuntza bermatzea.
  • Enplegu-tasari dagokionez, genero-aldea erdira murriztea, gutxienez.
  • Generoko soldata-arraila 5 puntu murriztea (gaur egun % 17,8).
  • Hezkuntza-sistemako ikastetxe guztiek hezkidetza-plan propioa izan dezaten lortzea.
  • Etxeko lanetan eta zaintza-lanetan dagoen genero-arraila erdira murriztea.
  • Pertsona guztiek emakumeen aurkako indarkeria matxista onartezintzat jo dezaten lortzea.
  • Babes-sistemaren barruan eraildako emakumerik ez egotea.
  • Bermatzea indarkeria matxistatik bizirik atera diren biktimek dirulaguntzak jasotzen dituztela kalte-ordainak ordaintzen ez diren kasuetan.

Emakundeko zuzendariak Emakundek garatu beharreko ekintzak bost ataletan antolatu ditu:

  • Berdintasuna administrazioan: Lehentasunak izango dira Berdintasunerako Euskal Behatokia sortzea, Jaurlaritzako langileen berdintasun-prestakuntza bultzatzen jarraitzea eta administrazioetan berdintasun-egiturak sendotzen eta sortzen jarraitzea.
  • Emakumeen ahalduntzea eta partaidetza soziopolitikoa: Emakumeen autonomia ekonomikoa bermatzea (Euskadiko Soldata Berdintasunerako Estrategia) eta emakumeen elkarteei laguntzea eta haien arteko sareak bultzatzea.
  • Berdintasuna enpresetan eta gizarte-antolaketa berria: Enpresetan berdintasun-planak bultzatzeko eta zaintza-lanak modu ekitatiboan balioetsi eta banatuko dituen gizartea eraikitzeko lehentasunekin.
  • Berdintasunaren aldeko gizarte-sentsibilizazioa: Lehentasunak izango dira gizonekin eta haurrekin egiten den lana indartzea (Berdintasunaren aldeko gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko zerbitzua sortuko da), herritarren berdintasunerako prestakuntza bultzatzea (Emakunderen Berdintasun Eskolaren bidez) eta berdintasunaren helburua herri-proiektu partekatu bihurtzea (Berdintasunerako Herri Itunaren eta M8ko eta A25eko erakunde arteko kanpainen bidez).
  • Emakumeen aurkako indarkeria matxista: Lehentasunak izango dira gazteen artean, bereziki mutilen artean eta ingurune digitalean, prebentzioa sustatzea; sexu-indarkeria, 24 orduko krisi-zentroen koordinazioaren bidez; eta indarkeriaren biktima diren emakumeentzako zerbitzuen eta baliabideen karpeta bakarra sortzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen espedienteen kudeaketa integraturako proiektuaren hirugarren faseari ekinez.