Bilboko «Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia: gogoetarako eta gizarte-aldaketarako gunea

0

Bilboko «Film Sozialak» Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa eta kontzientzia kritikoa sustatzen dituela nabarmendu du ekitaldiaren zuzendari J. Carlos Vázquezek. Aurtengoan, jaialdiko filmak 19 institututan eta hainbat udalerritako beste horrenbeste pantailatan erakutsiko dira, besteak beste, Bilbon, Gasteizen, Getxon, Barakaldon, Mungian eta Ondarroan.

Vázquezen esanetan, zinema aldaketarako tresna oso indartsua da; izan ere, hezi eta informatzeaz gain, emozioak eta gogoetak sorrarazten ditu modu entretenigarrian eta eskuragarrian. «Zinema bitarteko ezin hobea da balio positiboak, eraldatzaileak eta solidarioak transmititzeko», ziurtatu du.

Jaialdiko egitaraua askotarikoa da, eta munduko hainbat lekutako historiak erakusten dituen zinema paritarioa eskaintzen die ikusleei. Horrek, gizarte-aldaketa, enpatia eta elkartasuna ez ezik, guztien ongia ere sustatzen du. «Ezin dugu onartu gorroto-diskurtsoek pertsonen ahotsak itotzea, ezta gerraren soinuek justiziarenak eta bakearenak estaltzea ere», ohartarazi du Vázquezek.

Jaialdia urriaren 10etik 17ra bitartean egingo da, eta 81 film erakutsiko ditu, horietatik % 54 emakumeek egindakoak. 38 pantailatan eskainiko dira filmak, eta, guztira, 596 proiekzio egingo dira 150 saiotan. Lau ikusle-mota kontuan hartuta egin da lanen hautaketa: nerabeak, unibertsitate-komunitatea, helduak eta adinekoak. Emanaldiak askotariko guneetan egingo dira; besteak beste, Bilboko Golem aretoetan (Azkuna Zentroan), Guggenheim museoan eta Barakaldo antzokian.

Aurten 43 herrialdetako lanak eskainiko dira, eta Afrikari begiratuko zaio bereziki, filmen % 23k kontinente horretako egoerak erakusten baititu. 

Gainera, bost film labur batxilergoko eta lanbide-heziketako ikasleek egindakoak dira, eta EHUko 58 ikasle-taldek eman dute izena Invisible Express lehiaketan parte hartzeko. Agerikoa da, beraz, jaialdiak euskal zinema sozialaren harrobiarekiko duen konpromisoa.

Era berean, Euskadiko 7 zinemagileren film laburrak ere eskainiko dira. 

Bestalde, Bilboko Azkuna Zentroan doako haurtzaindegi-zerbitzua eskainiko da, 17:00etako eta 19:00etako emanaldietan. Jorratuko diren gaiei dagokienez, askotarikoak izango dira: herri indigenen eskubideak, gatazka armatuak, LGBTI+ eskubideak, genero-desberdinkeriak, bizimodu jasangarriak eta abar.

Inaugurazio-gala urriaren 10ean izango da; itxiera-ekitaldia, berriz, urriaren 17an. Biak ala biak Azkuna Zentroko auditoriumean egingo dira, 19:30ean. Bi ekitaldietan artista nabarmenak izango dira partaide, horien artean Maribel Salas, Sol Magunagoikoetxea, Gemma Martínez, Mitxel Santamarina eta Unai Celaya Pujol biolinista. Itxiera-ekitaldian Senegaleko dantza garaikideko dantzariak eta The Cherry Boppers musika-talde bilbotarra arituko dira.

Jaialdiak eskertu egin du erakundeek emandako laguntza, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek eta beste babesle batzuek eskainitakoa. Aipamen berezia jasoko dute jaialdiarekin lankidetzan aritu diren institutuek, baita Yolanda Rodríguez irakasleak ere, erakutsitako konpromisoagatik.

Jaialdiko epaimahaia eremu sozial eta akademikoko profesional ospetsuek osatzen dute. Bestalde, ekitaldian zehar 30 zineforum-saio baino gehiago egingo dira munduko hainbat lekutatik etorritako zinemagileekin, filmetan landutako gaien inguruan elkarrizketa eta gogoeta sustatze aldera.