Denis Itxaso: «Etxebizitza gaietan bat datoz Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, biek irtenbide integralen aldeko apustua egiten dugu eta eremu tentsionatuetako prezioa mugatzea baloratzen dugu»

0

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan adierazi du beste autonomia-erkidego batzuekin partekatu dituela etxebizitzaren arazoaren gaineko analisiak eta hori konpontzeko bideak. Zentzu horretan, gaur bertan Nafarroako Gobernuarekin bilduko da eta azaroaren 4an Silvia Paneque Kataluniako Generalitateko Etxebizitza kontseilariarekin partekatuko ditu ideiak. Nafarroako Gobernuari dagokionez, Itxaso pozik agertu da bi gobernuen jarduketek bat egiten dutelako. «Ikuspegi bera dugu etxebizitzaren arazoari alde guztietatik ekiteari dagokionez, bai eskaintzan eta bai eskarian», azpimarratu du.

Eider Hurtado kazetariarekin egindako elkarrizketan, sailburuak azpimarratu du bi gobernuek Estatuko lege berrien aplikazioa partekatzen dutela, besteak beste, eremu tentsionatuei dagokienez: «Nafarroarekin partekatzen dugu alokairuko etxebizitza berriak eraikitzea, baina baita alokairuen prezioa mugatzea ere, pairatzen dugun bizitegi-krisiari aurre egiteko», adierazi du. Kataluniari dagokionez, Itxasok esan du interesa duela tentsionatutako eremu horien izendapenak zein ondorio dituen jakiteko: «Ikusi dugu, zorionez, alokairuen prezioak mugatzearen ondorioz prezioek behera egin dutela, baina kontratuen kopurua % 17 jaitsi da. Ondo aztertu beharreko kontua da, eta denbora bat igarota».

Itxasok adierazi du arazoaren bere ikuspegia globala dela. «Eskaintzan esku hartu nahi dugu, baina baita eskarian ere», nabarmendu du. Haren hitzetan, «akordioak lortu behar ditugu herritarrei zuzenean eragiten dieten gaietan, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna eskatzen du. Etxebizitzari buruzko kontu bakoitza minutuz minutu ari gara aztertzen, baina neurri konplexu horiek guztiek ikuspegi zabalagoa behar dute, ahalik eta hoberen baloratzeko», gaineratu du.

Izapideak ahalik eta gehien arintzea

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak badaki eremu tentsionatuak izendatzeko epeak zorrotzak direla, baina izapideak ahalik eta gehien arintzea espero du. «Eusko Jaurlaritzak hiru hilabete ditu udalek bidalitako dokumentazioa aztertu eta Ministerioari bidaltzeko, ondoren Ministerioak buletinean argitaratu eta behin betiko izaera har dezan», adierazi du. «Badakigu Madrilen gaia arduraz jorratzen ari direla, eta prozedura ahal duten neurrian arintzen ari direla. Denok saiatzen gara prozedurak azkartzen», nabarmendu du.

Albiste on bat ere eman du: adierazi duenez, hori betetzen bada, Errenteria, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatutako EAEko lehenengo udalerria, ofizialki izan ahalko da urte amaieran. Era berean, aitortu du udalak lan handia egiten ari direla arlo horretan, eta Eusko Jaurlaritzak dagoeneko jaso dituela Galdakao, Zumaia eta Lasarte-Oriaren eskaerak; urrian Irun eta Donostia gehituko zaizkie, eta, beraz, 2025ean udalerri asko egongo dira egoera horretan.

Itxasok nabarmendu duenez, garrantzitsuena da izendapen horrekin batera hiru urteko plan estrategiko integral bat egin behar dela, eta bertan jasoko direla etxebizitzaren egungo egoera arintzeko beharrezko jarduketak. «Zenbait udalerri, tentsionatutako eremuetan oinarritu gabe, lan handia egiten ari dira etxebizitzaren alorrean: lurzorua gaitzen, Gobernuari lursailak lagatzen edo Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) fiskalitatea eta kostuak merkatzeko beste neurri batzuk aldatzen», azpimarratu du.

Gainera, Foru Ogasunen eginkizuna eta Erreferentzia Indizea argitu nahi izan ditu sailburuak. Horren harira, «Ogasunarekin harremana bikaina» dutela adierazi du, eta ezagutzen dituela Erreferentzia Indize hori ezartzeko orduan datuak tratatzeko eta babesteko dauden zailtasunak. «Oso ondo ari dira lanean», azaldu du. Indize horri dagokionez, Itxasok nabarmendu du 5 edo 10 etxebizitza baino gehiago dituzten edukitzaile handiei, lehen aldiz alokatzen diren etxebizitzei edo bost urte baino gehiago merkaturatu gabe daramatzatenei bakarrik eragiten diela, eta, beraz, jabe txikiei ez diela eragiten.

Etxebizitzaren arloan Gobernuko kideekin duen harremanaz galdetuta, Itxasok honakoa esan du: «Giro berri bat sortu dugu, konplizitatea eta sinatutako gobernu-programa betetzea oinarri hartuta; beraz, harremana bikaina da eta elkarrekin ari gara lanean».

Itxasok ulertzen du herritarrek ezkor eta zuhur pentsatzea. «Ez da harritzekoa: merkatu predatzailearen garaia bizi dugu, etxebizitza finantza-aktibotzat hartu eta garrantzitsuena atzean utzi duena: etxebizitza eskubidea eta gizarte-ondasuna da», adierazi du. Horregatik, jarraitu du, «konfiantza hori berreskuratzea da gure zeregina, hori baita herrialdearen gizarte-azpiegitura nagusia».

Bestalde, gaian osotasunean jarduteko asmoa adierazi du, eta gehitu duenez, Eusko Jaurlaritzan «bide guztiak ari gara erabiltzen. Babes ofizialeko etxebizitzak erosteko prest gaude, Alokabideri alokairu babesturako lagatzeko. Sektore pribatuarekin ere harremanetan gaude». Itxasoren hitzetan, «badakigu zenbait sustatzailek ez dutela inbertsio-negozioa argi ikusten, periferietan bereziki. Saltzen ez dutena babes ofizialeko etxebizitzen prezioan erosi ahal izango dugu, eta horrek haien eragiketak bermatu eta erabili gabeko lursailak aktibatzen ditu».

Era berean, Itxasok hausnarketa sakonagoa egin du gaur egungo Lurzoruaren Legearen aldaketak aztertzeko beharraren inguruan. «Legea 2006koa da, asko eraikitzen zen garai hartan eta horrek eraman gintuen burbuilaren egoerara. Orain dena ezberdina da, gutxi eraikitzen da eta hirigintzaren eta etxebizitzen garaiak aldatu egin dira. Hala, beharrezkoa da gaur egun oso luzeak diren epeak laburtzea».

Pisu turistikoei dagokienez, sailburuak adierazi du Euskadiri eragiten diola, baina beste erkidego batzuei baino gutxiago, arazoa laster detektatu zelako. «Bizitzeko espazioak kendu dituzte, eta beti hobetu daiteke araudia. Aurrerapauso bat izan da aukera ematea bizilagunen bostetik hiruk pisu turistikoen aurka egiten badute, bizilagunen kezkari erantzuten baitio».

Azkenik, espekulazioa eta putre-funtsak aipatu ditu. «Noski, ez gaude haien mundu mailako presentziatik kanpo, baina neurriak hartu dira eta hartzen ari dira. Zentzu horretan, oso garrantzitsua da prezioak mugatzea, lehen esan bezala, etxebizitza gizarte-ondasun gisa eta ez finantza-aktibo gisa berreskuratzeko», amaitu du.