Gogora Institutuko Zuzendariak, Alberto Alonsok, memoria inklusibo eta kolaboratiboa lortzeko konpromisoa berresten du

0

Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko Zuzendariak gaur goizean azpimarratu du asmo duela legealdi honetan aniztasunean eta memoriaren arloan dauden hutsuneei ekiteko. Lehentasunezko gaien artean, Alonsok LGTBI kolektiboak eta emakume jazartuek bizitako indarkeriak aipatu ditu. Kasu horietan, garrantzitsutzat jo du kontakizun ofizialetan ahaztutako gertaerak ikertzea.

Euskadi Irratian, “Faktoria” saioan, emandako elkarrizketan, Alonsok gogorarazi du Gogora jaio zenean zein zen helburua: Euskadiko memoria demokratikoa babestea eta transmititzea. Ildo horretatik, azken urteotan egindako aurrerapenak azpimarratu ditu: Guda Zibileko biktimen gorpuzkiak ateratzeko lanak, eta horrela Euskadi  Desobiratzeen Mapa Geolokalizatua sortzeko komunitate aurreratuenetako bat bilakatu da. Hala ere, Guda Zibilean desagertutako pertsonen senideei deia egin zien, euren lagin genetikoak ahalbideratzeko, ADN Bankua handitu ahal izateko. Ekimen horren bidez, oraingo eta etorkizuneko desobideratzeen laginekin alderatu ahal izango da, eta gorpuzkien identifikatze-lanak erraztuko ditu, ondoren senideei eman ahal izateko.

Horrez gain, Gogora Institutuaren Zuzendariak lankidetza instituzionalaren garrantzia azpimarratu du. Iragarri duenez, institutuak beste instituzio batzuekin batera lan egingo du, baita elkarte eta talde teknikoekin ere, beti ere gatazkaren bi aldeetako biktimen identifikazio eta berreskurapen politikak indartzeko. Helburua, beraz, errekonozimendu inklusiboa egitea da, biktima guztien errekonozimendua.

Azken aldian izandako polemikaren harira, Gogora Institutuan alderdi politikoetako ordezkariak hautatzeari buruzko eztabaida, hain zuzen ere, Alonsok kezka adierazi du, baina Eusko Legebiltzarreko alderdiek hartutako erabakiak errespetatzen ditu. “Garrantzitsuena ez dira izenak, eztabaidatzen diren gaiak baizik”, ondorioztatu du.