Lehendakariak: «Birgizarteratzera bideratutako justizia arinago eta eskuragarriago baten alde ari gara lanean»

0

Imanol Pradalesek 2024-2025 Urte Judizialaren Irekiera ekitaldian parte hartu du, Bilbon

Imanol Pradales Lehendakariak 2024-2025 urte judizialari hasiera emateko gaur Bilbon egin den ekitaldian adierazi duenez, sistema judiziala hobetzea da bere gobernuaren lehentasunezko eginbeharra. Horretarako, Lehendakariak helburu nagusi batzuk ezarri ditu: «Justizia bizkorragoa eta epaitegi gehiago izatea, pertsona ahulenen babesa indartzea, konfrontazioan oinarritutako justiziatik aldentzen diren eredu berriak aztertzea eta irisgarritasun handiagoa lortzea», azpimarratu du.

Pradalesek Euskadin ezaugarri propioak dituen eredu judiziala sortzearen alde egin du. «Pertsona epaituaren duintasunarekiko errespetuan oinarritutako eredu baten aldeko apustua egiten dugu, eta, zigortua izanez gero, ahalik eta bizkorren birgizarteratzen laguntzean oinarritutakoa. Nahi dugun justizia eredu horrek hobetzeko eta irisgarritasuna errazteko apustua egiten du, eta bereziki babesten ditu pertsona ahulenak. Iraunkortasunean, digitalizazioan, erantzun-denborak hobetzean eta ulergarritasunean aurrera egiten duen justizia, alegia», azaldu du. Halaber, Lehendakariak gaineratu du eredu horren helburua «espetxeak gizatiarragoak izatea» ere izango dela.

«Herritarrei funtsezko zerbitzu publiko hori bermatzea da gure egitekoa. Eskubideak bermatzen dituen zerbitzua baita, eta, gainera, berdintasunezkoa», azpimarratu du.

Justizia eraginkorra

Helburu horiez gain, justiziak ere eraginkorra izan behar duela ohartarazi du Imanol Pradalesek. «Delitugileak jakin behar du delituak ondorioak dituela. Jakin behar du, delituren bat egiten badu, herrialde honek bere tresna eta baliabide guztiak aktibatuko dituela berriro gerta ez dadin. Jarduteko modu hori onartezina delako Euskadin». Lehendakariaren arabera, eredu berri hori inplikatutako agente guztien artean adostu beharko da: Eusko Jaurlaritzak, Poliziak eta Botere Judizialak. «Zorroztasun handiz jokatu behar dugu, elkarlanean aritu behar dugu eta denok buru belarri lan egin behar dugu justiziaren eraginkortasuna errealitate bihurtzeko».

Arreta euskaraz jasotzeko eskubidea

Amaitzeko, Imanol Pradalesek gogorarazi du «herritar guztiek dutela arreta euskaraz jasotzeko eskubidea, eta administrazioak eskubide hori bermatu behar duela». Lehendakariak onartu duenez, «Euskadin oraindik konpondu gabeko gaiak daude, bai Justizian, bai beste zerbitzu publiko batzuetan». Eta aurrerapausoak emateko beharra irudikatzeko, galdera erretoriko bat jarri du mahai gainean: «Norbaitek irudikatzen du epaiketa bat gaztelaniaz aurrera eramateko aukerarik ez izatea? Epaile, abokatu edo fiskal batek gaztelaniaz ez jakitea? Erantzuna ezezkoa da noski, orduan, zergatik onartu behar dugu kontrakoa euskarari dagokionez?

Errealitate hau aldatu beharra dugu. Ez bakarrik herritarrei zor diegulako. Baizik eta legeak horretara behartzen gaituelako”, baieztatu du.