Donostiako Udalak plaka bat jarriko du Lorenzo Motosen omenez

0
binary comment

Armadako teniente koronela ETAren biktima izan zen duela 44 urte eta datorren larunbatean gogoratuko da Amarako Parke kalean

Donostiako Udalak plaka bat jarriko du larunbatean, urriak 12, Lorenzo Motosen omenez, ETAren biktima 1980an. Honekin 30 izango dira Udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak. Ekimen hau duela bi legealdi jarri zen martxan.

Ekitaldia datorren larunbatean, urriak 12, izango da, 12:00etan, Parke kaleko 1. zenbakian, Araba parkearen ondoan. Plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den bezala, omenaldi xumea egingo da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek parte hartuko dute.

Lorenzo Motos Rodríguez 61 urte zituen eta Valladolidekoa zen, baina 28 urte lehenagotik Donostian bizi zen. Armadako teniente koronela eta 7 seme-alabaren aita zen. 1980ko urriaren 13ko goizean, Motos bere ibilgailuan zihoan Amara auzoko bere etxetik Loiolako kuarteleko bere lantokira, eta, semaforo gorri batean gelditu ondoren, hiru pertsonak ondoko espaloitik tirokatu eta hil egin zuten.

Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko plakak

Horrenbestez, Udalak hirian terrorismoaren eraginez eta oinarri politikoko bortizkeriagatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du.

Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sánz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordóñez Fenollar, Francisco Martín González, Fernando Múgica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Domínguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes eta Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda, Francisco Javier Gómez Elosegi, José Ángel Santos, Josu Leonet, Juan de Dios Doval Mateos, Miguel Ángel Iñigo Blanco, Juan Antonio Marcos González, Manuel Orcera de la Cruz, Antonio Pastor, Moisés Cordero – guztiak ETAk erailak -, Enrique Cuesta, Antonio Gómez eta Juan Manuel García Cordero – Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erahilak -, Begoña Urroz Ibarrola – DRIL talde armatuak eraila –, Mari Jose Bravo del Valle – Batallón Vasco Español taldeak eraila – eta Joseba Barandiaran Urkola – poliziaren ekintzak eragindako biktima – .