Amaia Barredok mendiko ekonomien erronka nagusiei buruz eztabaidatuko du Euromontanaren Europako Konbentzioan, Puigcerdán

0

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok mahai-inguru batean parte hartuko du urriaren 16an, Mendiaren Europako XIII. Konbentzioaren (Euromontana) esparruan. Zehatz-mehatz, trantsizio-testuinguru batean mendiko ekonomiek dituzten erronkei buruz eztabaidatuko dute. Espainiako Gobernuko, Europako Parlamentuko eta Okzitania zein Katalunia eskualdeetako beste goi-kargu batzuek ere parte hartuko dute eztabaidan.

Urriaren 15etik 18ra bitartean, bi urtez behingo kongresu hau Gironako Puigcerdà udalerrian egingo da. Hala, Europako hainbat sektoretako ehunka aditu eta interesdun bilduko dira, ohi bezala. Adibidez, Europako erakundeetako kideak, ministerioetakoak, estatuen barneko azpigobernuetakoak, tokiko enpresetakoak, unibertsitateetakoak eta garapen-agentzietakoak egongo dira. Oraingoan, kongresuaren muina mendi-inguruneetako ekonomietarako etorkizuna diseinatzea izango da, 2050eko horizontearekin. Izan ere, bide horretatik jo zuten aurreko konbentzioan, Calabrian bildu zirenean. Halaber, ekonomia jasangarri, erresiliente eta oparoagoak nola lortu ere jorratuko da, bereizgarri dituzten muga geografikoak gaindituz.

“Erronka horiei heltzeko neurriak aurkitzea garrantzitsua da, ekonomia horiek sektore tradizionaletan oinarritzen direlako: lurraldeen motorra dira, enplegua ematen diete tokiko komunitateei, eta funtsezko zerbitzu ekosistemikoak gizarte osoari. Ekonomia berrietan berrikuntzak egiteko aukera dira”, aurreratu du Amaia Barredo sailburuak.

Konbentzioan, osoko bilkurak, mahai-inguruak eta parte hartzeko tailerrak egingo dituzte, eta gai hauek landuko dituzte, besteak beste: etorkizuneko ekonomiak, nekazaritza-produktuen balorizazioa, eskaintzen dibertsifikazioa, ingurumen- eta klima-trantsizioa, langileak erakartzea eta landa-eremuen eta hiri-eremuen arteko loturak, mendiko ekonomia oparo eta erresilienteak eraikitzeko.

Erreleboa

Euskadi Euromontanaren burua izan da 12 urtez, eta orain beste herrialde baten esku geratuko da elkarteko presidentetza. Juan Antonio Gutiérrez, Prospektiba eta Sareak Arloko zuzendaria HAZIn, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izan da urte hauetan, Euromontanako presidente moduan. Oraingoan, presidenteorde izateko hautagaitza aurkeztuko du, Euromontanako Batzar Nagusian aukeratuko den Zuzendaritza Batzorde berriak onartu ondoren. Era horretan, Euskadik pisu garrantzitsua izaten jarraituko du erakundearen barruan.

Mendiko lurraldeen lankidetza eta garapenerako Europako elkarte multisektoriala da Euromontana. Zehazki, “mendi biziak sustatzea” da haren misioa, “garapen global eta jasangarriaren alde eta eremu horietako bizimodua hobetzeko lan eginez”.

Elkartea Europako 15 herrialdetik gorako ia 70 erakundek osatzen dute, eta lurraldeen artean informazioa eta esperientziak trukatzea errazten du mintegiak eta hitzaldiak antolatuz, azterlanak eta Europako proiektuak eginez eta erakundeekin elkarlanean arituz, Europan, estatuetan eta eskualdeetan. Halatan, Europako mendien ahotsa erakunde horietaraino guztietaraino helarazten du.