Flandria – Euskadi programa artea eta Atlantikoaren bidez bi lurraldeen arteko harremana aztertuko duen kongresu batekin amaituko da

0

Lovainako Unibertsitate Katolikoaren lankidetzarekin antolatutako kongresua urriaren 17 eta 18an egingo da hiri horretan

Flandria – Euskadi kultur lankidetzarako programa 13 proiekturen bidez egituratu da, 43 ekintza burutu dira, eta 100etik gora artista eta profesionalek hartu dute parte

Etxepare Euskal Institutuak ‘Euskal Herria eta Flandria artean’ kongresua aurkeztu du gaur Donostiako Tabakaleran. Ekitaldi honek emango dio amaiera 2023 eta 2024an bi lurraldeetan garatu den Flandria – Euskadi (Vlaanderen – Baskenland) kultura- eta arte-lankidetzarako aldebiko programari. Prentsaurrekoan Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, eta Aintzane Erkizia kongresuaren koordinatzaile eta EHUko irakasleak hartu dute parte, eta ekimenaren balantzea egiteko ere balio izan du. Izan ere, egitasmoak Flandriako eta Euskal Herriko artisten eta kultur eragileen arteko harremanak estutzeko aukera eman du, eta publikoari beren sorkuntzaren kalitateaz eta izaera berritzaileaz gozatzeko aukera eskaini dio diziplina anitzeko eskaintza zabal baten bidez.

2023an Flandria – Euskadi programa hasi zenetik 43 ekintza egin dira guztira (jardunaldiak, egonaldi artistikoak, kontzertuak, emanaldiak, erakusketak, film-proiekzioak, hitzaldiak…), 13 lankidetza-proiekturen bidez egituratu direnak. Horien garapenean aritu diren kolektibo, elkarte sektorial, kultur eragile eta erakundeak 29 izan dira. Eta 100 artista eta profesional baino gehiagok hartu dute parte ekimenean.

Flandria – Euskadi programa hiru mailatan burutu den lankidetzari esker gauzatu da: Flandriako eta Euskal Herriko artista eta sortzaileen artean; kulturaren alorreko eragile eta erakundeen artean, besteak beste, Azkuna Zentroa, Tabakalera, Zirkozaurre edo Dantzagunea Euskal Herrian eta Morpho, LLS Paleis, M Museum edo Zirkuszentrum Flandrian; eta gobernuen arteko lankidetza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Flanders Arts Institute-ren bitartez. Ekimen hau aurrera eramateak bi aldeetako eragileei ahalbidetu die bestearen kultura- eta sormen-ehuna sakonki ezagutzea, epe luzerako harreman baterako oinarriak sendotuz.

Euskal Herria eta Flandria artearen bidez

Flandria – Euskadi programari amaiera emateko, Lovainako Unibertsitate Katolikoarekin (Katholieke Universiteit Leuven) elkarlanean antolatutako kongresu akademikoa egingo da urriaren 17an eta 18an Lovainako M Museum-en. ‘Euskal Herria eta Flandria artean’ izenburupean, biltzarrak, artearen bidez, bi lurraldeen arteko lotura sakona aztertuko du.

Aintzane Erkizia EHUko irakasle eta ikertzaileak koordinatu du ekitaldia, eta Flandriako eta Euskal Herriko arte-historialariak, adituak eta artistak bilduko ditu Atlantikoak lotzen dituen bi lurralde hauen nortasunean eta kultura-sisteman eragina izan duen kultur-trukeak artean duen isla aztertzeko.

Flandria eta Euskal Herriaren arteko harremanak mendeak ditu eta, batez ere, itsasoaren bidez garatu da, ondasun, ideia eta pertsonen etengabeko fluxua ahalbidetuz. Mendeetan zehar, artelanek salgaiekin batera bidaiatu zuten, eta gaur egun, flandriar aztarna argi eta garbi ikus daiteke euskal artean. Ondare hori eztabaidagai izango da kongresu honetan.

Halaber, biltzarrak azpimarratuko du nola kostaldeko biztanleek beste itsasbazter batzuetara zuzentzen dituzten begiradak, komunitate eta lotura kultural berriak eratuz. Artea objektu estetiko gisa ez ezik, kulturen eta lurraldeen arteko trukearen testigantza bizi gisa ulertzeko aukera eskainiko du ekitaldiak.

Elkarrekin sortutako programa

Flandria – Euskadi programa bi lurralde hauetako gobernuen artean 2021ean sinatutako Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU) eta gero hasi zen mamitzen. Memorandumak kultura eta kultura- eta sormen-industriak jasotzen zituen bien arteko lankidetza-eremuen artean. 2021ean eta 2022an, Etxepare Euskal Institutuak eta Flanders Arts Institutek, Lehendakaritzarekin eta Flandriako Kantzilergoarekin eta Kultura Sailarekin lankidetzan, lan-bisita bana antolatu zuten Euskadira eta Flandriara, bakoitzak bestearen kultura- eta sormen-ekosistemak eta erreferentziazko zentroak ezagutzeko. Bisita horiei esker, sortzaileen eta kultura-eragileen artean loturak egin eta konfiantzazko espazioak sortu ahal izan ziren, esperimentazioa eta ekimenaren bizkarrezurra izan diren proiektuen garatzea ahalbidetu zutenak. Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Flandriako Gobernuak hainbat deialdi jarri dituzte abian urteotan bi lurraldeen arteko kultur lankidetza sustatzeko. Bi urte hauetan zehar argitara eman diren proiektu gehienak prozesu honen emaitza dira.

Honenbestez, 2023an eta 2024an esparru egonkor bat sortu da Flandria eta Euskadiren artean epe luzerako harremana eraikitzeko kultura, sorkuntza eta artearen alorrean.

Etxepare Euskal Institutua

Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da. Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioartean proiektatzeko, eta horien bidez beste eskualde, herrialde eta kultura batzuekin harreman iraunkorrak eraikitzeko egiten du lan. Horretarako, kalitatezko jarduera artistikoak sustatzen ditu, eta kulturaren alorreko sortzaile, artista eta profesionalen mugikortasuna bultzatzen du. Euskal ikasketak ere bultzatzen ditu eremu akademikoan. Era berean, nazioarteko eragileekin lankidetza sustatzen du, bai kulturaren arloan, bai esparru akademikoan.