Javier Hurtado sailburua: «Zergak hemen ordaintzen dituzten tokiko saltokietan erosteak eragin positiboa du gure bizitzan eta ingurunean»

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok CECOBI Bizkaiko Merkataritzako Enpresarien Konfederazioaren «Bizkaiko merkataritzaren sariak 2024» emateko ekitaldian parte hartu du. Hitzaldia emateaz gain, sailburuak ibilbide profesionalaren saria eman dio Luz Bilbao saltokiari.

Bere hitzaldian, sailburuak legegintzaldi berri honetan ahaleginak areagotzearen garrantzia adierazi du, hurbileko merkataritzari laguntzeko, Sailak sektorearekin duen etengabeko konpromisoa azpimarratuz. «Pandemiaren garaian hala egin genuen, zuei lagunduz eta babestuz, eta zuen aldamenean egoten jarraituko dugula bermatu nahi dizuet», adierazi du.

Era berean, gogoratu du merkataritzak eraldaketa sakoneko prozesu bat bizi duela, azkar eboluzionatzen ari den gizarte batean, bost belaunaldi desberdinetako kontsumitzaileekin eta askotariko kontsumo-ohiturekin: «Niretzako, tokiko merkataritzaren balioa ez dago bakarrik behar dudana aurkitzean, baizik eta horretan erabat sinestean eta nire seme-alaben etorkizunean pentsatzean».

Sailburuak argi hitz egin du mezua plazaratzean, eta nabarmendu du administrazioak zein sektoreak eraldaketa horren eragile aktibo izan behar dutela. “Ezin dugu jarraitu galdera berriei erantzun berak ematen, ezta tresna berak erabiltzen ere. Sailean badakigu hori, eta horregatik uste dugu gure merkataritza-sektorea indartu behar dugula, tokiko merkataritzari laguntzeko ahaleginak bateratuko dituen erakunde publiko baten bidez”, azpimarratu du.

Gainera, herritarrei dei egin die gogoeta egin dezaten hurbileko merkataritzaren garrantziaz eta horrek ingurunean duen eraginaz. «Tokiko negozioetan, zergak hemen ordaintzen dituztenetan erosteak eragin positiboa du gure kaleetako bizitzan eta segurtasunean, gure hiriak antolatzeko moduan eta gure ingurunearen jasangarritasunean».

Sailburuak sarituak zoriondu ditu, eta bere hitzaldia amaitu du merkataritzaren eraldaketa posible dela eta “elkarrekin etorkizun hobea eraiki dezakegula, non tokiko merkataritzak bere funtsezko eginkizun soziala mantenduko duen” azpimarratuz.