Lehendakariak: “Ardatz atlantikoaren aldeko gure apustua gidatzeko eragile aproposa ikusten dut Euskampus”

0

Imanol Pradalesek EHU Euskampus Bordeaux Eguna 2024 irekiera-ekitaldian parte hartu du, gaur, Bordeleko Unibertsitatean

Imanol Pradales Lehendakaria pozik agertu da Euskampus proiektuak emandako fruituekin. Izan ere, gaur egin da EHU Euskampus Bordeaux Eguna 2024 irekiera ekitaldia, Bordeleko Unibertsitatean, eta bertan parte hartu du Lehendakariak. Proiektu hau Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen, DIPCren eta Tecnaliaren arteko aliantza estrategikoaren emaitza da, eta, Lehendakariak gogorarazi duenez, duela 10 urte sortu zen “indarrak batzeko eta partekatzen genituen erronkei erantzuteko. Ikuspegi horri esker, emaitza bikainak lortu dira hezkuntzan, ikerketan, eragileekiko konexioan, baita nazioartean proiekzio eta aitortza handiagoa ere”, adierazi du.

Pradalesek gogora ekarri duenez, egungo une historikoan, Arku Atlantikoa eragin geopolitikoa galtzen ari da Europan. “Eragin-ardatza ekialderantz biratzen ari da. Joera horri buelta eman behar diogu, eta Arku Atlantikoari bultzada eman, gure etorkizunaren protagonista izaten jarraitzeko”.

Horrekin lotuta, unibertsitateek jokatzen duten rol garrantzitsua azpimarratu du Lehendakariak. “Unibertsitateek eginkizun bikoitza dute: elkarlanean aritzea eta elkarlana gizarteratzea. Badakigu ezagutza aurreratua sortzea unibertsitateko jardueraren funtsezko osagaia dela. Eta badakigu ezagutza hori sortzeko talde lana ezinbestekoa dela”.

Euskampus, proiektu akademiko berritzaileak dinamizatzeko tresna eraginkorra

Hala ere, Pradalesek aitortu du, sarritan, unibertsitate publikoen kasuan, inertziek eta araudiek potentzial hori oztopa dezaketela. “Euskampus muga horiek gainditzeko ekimen eraginkorra izan da. Malgutasuna eta dinamismoa ekarri ditu. Diziplina anitzeko taldeak ere lotu ditu, eta proiektu akademiko berritzaileak eta eragin sozial handikoak dinamizatu ditu”.

Lehendakariak bide hori indartzearen alde egin du, “Europako berpizte industrial eta ekonomikoan, zientzia, ikerketa eta ezagutzan aurreratuen dauden eskualdeak izango direlako konexio, garapen eta hazkunderako nodoak. Ezin dugu atzean geratu. Ardatz atlantikoaren aldeko gure apustua gidatzeko eragile aproposa ikusten dut Euskampus”.