Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluan onartu du gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen Legea aldatzea, Ogasun eta Finantzak hala proposatuta. Hori onartuta, prozesu progresibo bat abiaraziko da; 2027 urtera begira, aukera emango du itunpeko ikastetxe pribatuetako Hezkuntza Sailak finantzatutako irakasleen eta hezkuntzako langileen soldatak eta ikastetxe publikoetakoenak parekatzeko.
Prozesu hori bi lege-aginduren baitan kokatzen da: alde batetik, Hezkuntzako Lege Organikoa (2006), parekatze hori ahalbidetzekoa, eta, bestetik, EAEko Hezkuntzaren Legea (2023), funts publikoen bitartez finantzatuta dauden itunpeko ikastetxeen bidez dagokien ikaskuntza doakoa eta kalitatezkoa ematea bermatzeari buruzkoa.
Halaber, parekatze-prozesuak Euskadiko itunpeko ikastetxe guztien, gizarte-ekimeneko ikastetxeen eta ikastolen ordezkarien adostasuna du, baita sindikatu nagusien ordezkariena ere.
Soldata-parekatze horri esker, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ematen duten ikastetxeetan irakaskuntzaren doakotasunerantz urratsak ematen jarrai daiteke, itunpeko ikastetxeek beren kuoten bidez soldata-igoeren ondorioak islatu behar izatea saihestuko baitu.
Irakaslegoa: Hezkuntza-prozesuan gehien eragiten duen figura
Hezkuntzaren Euskal Lege berriak Hezkuntza Sistema eraldatzen du, eta helburu du kalitatezko zerbitzua ematea. Horretarako, betebehar gehigarriak ezarriko zaizkie Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoko ikastetxeei, besteak beste, gardentasuna eta langileen sarbidea.
Aldi berean, itunpeko sareko soldatak parekatzeak kalitatezko hezkuntza eskaintzen ahalegintzen diren profesionalen lana baldintza berdinetan aitortzeko beharrari erantzuten dio. Izan ere, irakaslearen figura da hezkuntza-prozesuan eragin handiena duena.
Eusko Legebiltzarrera igorriko da lege-proiektua, bertan osoko bilkurak, eztabaidatu, izapidetu eta onar dezan.