Gobernu Kontseiluak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosak eskatuta, gaur erabaki du 5.179.300 euroko dirulaguntza zuzena ematea gizarte-ekimeneko Agintzari sozietate kooperatiboari, gizartearen eta hezkuntzaren arloan laguntzeko Aukerak Suspertzen programa komunitarioa finantzatzeko. Programa horren barruan dago CODI programa (berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planaren esparruan —Next Generation EU— europar batasunak finantzatua).
CODI programaren helburua da bazterketa-arriskuan dauden haur eta nerabeak oinarrizko gaitasun digitaletan prestatzea, eta Aukerak Suspertzen programarekin partekatzen du onuradunen tipologia eta eten digital soziala murrizteko azken helburua.
Aukerak Suspertzen programa, berriz, 2020an Inor Atzean Utzi Gabe funtsaren bidez bultzatutako zortzi ekimenetako bat da, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioei aurre egiteko sortua, baina ordutik Eusko Jaurlaritza bultzatzen eta indartzen ari den egiturazko programa bihurtu da.
Aukerak Suspertzenek gizarte- eta hezkuntza-laguntza eskaintzen die gizarte-desabantailan dauden eta EAEko ikastetxe publiko eta itunduetan lehen edo bigarren hezkuntzako ikasketak egiten ari diren adingabeei, eten digitala ezabatzeko helburuarekin. Laguntza familietara hedatzen da.
Agintzari Euskadiko geografia osoan kokatutako hirugarren sektore sozialeko erakundeen sare bateko erakunde nagusia da. Erakundeak, programa kudeatzeaz eta koordinatzeaz gain, laguntza eskaintzen du gizartearen eta hezkuntzaren arloan sarearen laguntza iristen ez den eremu geografikoetan.
Jardueren izaera eta helburua gizarte-kalteberatasun egoeran dauden haur, nerabe eta gazteen kopuru handi batera iristea denez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak Agintzari programari funtsak zuzenean esleitzea erabaki du, CODI programa Aukerak Suspertzen programaren barruan sartzeko helburuarekin.
CODI programa Aukerak Suspertzen programaren barruan sartzeak programaren hartzaileen baldintza betetzea ahalbidetzen du. Aukerak Suspertzen programan parte hartzen duten erakundeen sareak bermatzen du CODI programa oso ingurune ahuletara iristea, herri txikietara, landa-eremuetara eta/edo Interneterako eta teknologiarako sarbide gutxiago duten inguruneetara. Bestalde, hirugarren sektore sozialeko erakundeen sarea izateak eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen lankidetzak Europako Haur Bermearen esparruan lehentasunezkotzat jotako haur eta nerabeen sarbidea bermatzen du.
Gainera, Aukerak Suspertzen programan CODI barnean hartzeak aukera ematen du programa honen azpiegitura, baliabideak eta esperientzia erabiltzeko, eten digital soziala murrizteko helburu komuna lortze aldera. Bi programek konpetentzia digitalen inguruko prestakuntza barne hartzen dute, eta Aukerak Suspertzenek horretarako baliabide materialak eta pertsonalak ditu.
2023 zifratan
2020an hasi zenetik, programak areagotu egin du gizarte-desabantailan dauden haur eta nerabeen arreta, eta 2023an 3.710 adingabe artatu dira. Zifra hori % 31 hazi da aurreko ekitaldiarekiko, 2.829 adingabe erregistratu baitziren. Artatutako pertsonen gorakadarekin batera, programan parte hartzen duten boluntarioen kopuruak gora egin du: 2022an 556 pertsona ziren eta 2023an 727, hau da, % 30,7.
Hazkunde hori lurralde guztietan erregistratu da: Bizkaian 1.444 adingabe zeuden 2022an, eta 1.844, berriz, 2023an; Araban, 429 adingabe izatetik 941 izatera igaro da; eta Gipuzkoan, 689 adingabe izatetik 925 izatera. Programa Euskadiko 90 udalerritan dago jada: 12 Araban, 49 Bizkaian eta 29 Gipuzkoan.
2023an ere handitu egin da programaren onuradun diren familien kopurua: 2.896 familia, 2022ko 2.201 familiaren aldean, hau da, % 31,5 gehiago. Familien erdia baino gehiago bi gurasokoak dira (% 60), baina bestelako familiak ere daude: guraso bakarreko familiak amarekin (% 36), guraso bakarreko familiak aitarekin (% 2) eta beste familia-mota batzuk (% 2).
Artatutako haurren eta nerabeen % 75ek baino gehiagok ikastetxe publikoetan ikasten du, eta gainerakoek itunpeko ikastetxeetan. Horietatik 1.472 Lehen Hezkuntzako ikasketak egiten ari dira, gehienak 2. zikloan.
Programan parte hartu duten pertsonen kopuruak gora egin du etengabe hasieratik eta, horren ondorioz, beharrezkoa izan da hezkuntzaren arloko arreta zuzena zabaltzea eta programarako baliabideak jartzea. 2023an, 307 dispositibo eta 152 konektagarritasun-txartel banatu ziren, haurrek eta nerabeek beren ikaskuntza-prozesuetan bete-betean parte hartu ahal izan dezaten.