Giza eskubideen 2024ko René Cassin Sarirako deialdia egin da

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak René Cassin Sariaren XXI. edizioaren deialdia onartu du gaur. Sari hori 2003an sortu zen, giza eskubideen arloan egindako jarduketa esanguratsuak publikoki aitortzeko. Sariaren diru-zenbatekoa 25.000 eurokoa da, eta hautagaitzak azaroaren 18ra arte aurkeztu ahal izango dira.

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak onartu duen deialdi honetan saritu daitezke euren ibilbide pertsonal edo profesionalaren bidez giza eskubideen sustapen, defentsa eta zabalkundearen alde hartu duten konpromisoa adierazten duten pertsonak nahiz erakundeak.

Epaimahaiko kideak bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruan ospe handia duten pertsonek dira. Hauek dira: Alfredo Retortillo Paniagua (Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea), Silvia Escobar Moreno (Giza Eskubideen inguruko gaietarako Espainiak izandako misio bereziko enbaxadorea), Jon Mirena Landa (UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendaria), María Oianguren Idígoras (Gernika Gogoratuz zentroaren zuzendaria), Juan José Álvarez Rubio (UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna), Miren Elgarresta (Emakunderen zuzendaria), Mikel Mancisidor (NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea), Manuela Mesa (CEIPAZ Bakearen Ikerketarako Hezkuntza Zentroaren zuzendaria), Carlos Martín Beristain (Giza eskubideetan aditua, 2020ko René Cassin sariaren irabazlea) eta  Jagoba Álvarez Ereño (Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria).

Sariaren diru-zenbatekoa 25.000 eurokoa da, 2023an ezarritako igoeraren ondoren; urte horretan 14 hautagaitza jaso ziren.  Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 21ean hasiko da eta azaroaren 18an amaituko da.

Sariak René Cassini zor dio izena. René Cassin Baionan jaio zen 1887an, eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sustatzaile nagusitzat hartzen da. Cassinek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egindako lan nekaezinarengatik.  Saria jaso duten pertsonen eta erakundeen artean daude Maiatzeko Plazako Amonak Elkarte Zibila, Federico Mayor Zaragoza, Alec Reid, Koro Erdozia Lasa, Elisa Loncon Antileo, Dora María Téllez eta ICDP – Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordea, iazko azken edizioan saritu zena.