Gobernu Kontseiluak baimena eman du 10 plaza sortzeko Bilboko Lehen Auzialdiko 17 zenbakiko Epaitegia eta Alegiako Bake Epaitegia abian jartzeko

0

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan hamar plaza sortzeko oniritzia eman du. Horietako zortzik Bilboko Lehen Auzialdiko 17 zenbakiko Epaitegia bultzatzeko aukera  emango dute, eta beste bi egoitza Alegian duen Bake Epaitegirako izango dira.

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak orain dela aste batzuk Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian eman zuen jakitera zuzentzen duen sailaren asmoa dela epaitegi gehiago izatea, eskaerari erantzun ahal izateko eta prozedura judizialetako atzerapenak arintzeko.

Helburu horrekin, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran eman du oniritzia Bizkaiko hiriburuan Lehen Auzialdiko 17 zenbakiko Epaitegia sortzea ahalbidetuko duten zortzi lanpostu sortzeko. Zehazki, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko hiru, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko lau eta Laguntza Judizialeko Kidegoko bat dira.

Alegiako Bake Epaitegia 

Era berean, Alegiako (Gipuzkoa) Bake Epaitegirako bi plaza sortzeko oniritzia ere eman du.

Joan den apirilean onartu zen Anoeta, Irura, Alegia, Amezketa, Ikaztegieta, Abaltzisketa, Altzo, Orendain eta Baliarraingo Bake Epaitegien Idazkaritzen Elkartea eratzea, egoitza Alegian duena. Elkarteaz Justizia Administrazioko langileak arduratuko dira, eta horretarako Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko plaza bat, Elkartearen Bulego Judizialeko Idazkaritza beteko duena, eta Laguntza Judizialeko Kidegoko beste bat baimendu dira.  Horrela, epaitegi honen eraginkortasuna hobetu nahi da, eta herritarrei arreta hurbilagoa eskaini.