Gobernu Kontseiluak hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak aurkeztutako 2023ko txostena onartu du

0

Gobernu Kontseiluak Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2022ko txostena onartu du gaur. Txostenak jasotzen duenez, iaz 222 intzidentzia erregistratu ziren hizkuntza-eskubideen urraketei dagokienez, baina 176 baino ez ziren izapidetu, azken 6 urteetako daturik baxuena. Gainerako intzidentziak baliogabetu egin dira aurreko intzidentziak errepikatu direlako, aplikazioan akats bat egon delako edo kexaren arrazoia beste bide batzuetatik ebatzi delako.

Izapidetutako intzidentzia guztien artean, 161 kexak izan ziren, eta horien artean 159tan (% 98,8) urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta egon zen; eta, 2 kasutan, eskubide-urraketa gaztelaniarekin lotuta egon zen. Kexa guztien % 91,3 (147 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak ziren, eta % 8,7 (14 kexa) esparru pribatuari zegozkien. Gainontzeko intzidentziak kontsultak (11), eskaerak (2) eta iradokizunak (2) izan dira.

  1. urtean zehar Elebide zerbitzura zuzendu diren intzidentzien % 73,1 (144 intzidentzia) gizonezkoek aurkeztu dituzte, % 26,4 (52 intzidentzia) emakumezkoek, eta %0,5 (intzidentzia 1) bitarra ez diren pertsonek.

Kexak esparruz esparru

Kexa guztien % 91,3 esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izan ziren eta horietatik gehienak EAEko Administrazio Orokorrari (% 40,8) eta Toki Administrazioari (% 31,8) lotuta gertatu ziren.

Honela banatzen dira EAEko sektore publikoari dagozkion kexak:

  • 23 Eusko Jaurlaritzaren arau urraketen salaketak izan ziren (Segurtasuna, 1; Gobernantza eta Autogobernua, 7; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasuna eta Ingurumena, 2; Ekonomia eta Ogasuna, 1; Hezkuntza, 3; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak, 2; Osasuna, 1; Berdintasuna eta Gizarte Politikak, 2; eta, azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika, 1).
  • 37 Eusko Jaurlaritzaren erakunde eta sozietate publikoek jaso dituzten kexak dira (horietatik 26 Osakidetzak jaso dituen kexak dira; Eusko Trenbideak 5 kexa jaso ditu; Eusko Trenbide Sareak 1; Osatek-ek, 3; EJIEk, 1; eta, UPV-EHUk, 1).
  • Foru aldundien kontra aurkeztutako kexen kasuan 2023an 2022an zehar baino kexa bat gehiago jaso da.
  • Toki administrazioei dagokienez, 56 kexa jaso ziren, aurreko urtean baino 8 gehiago. Arabako udalek 4 kexa jaso zituzten 2023an, 2022an jasotako kexa kopuru bera. Bizkaiko udalei eta haren menpeko erakundeei dagokienez, 48 kexa jaso zituzten guztira 2023an, 2022an baino 8 gehiago.  Azkenik, Gipuzkoako udalek 4 kexa jazo zituzten 2023an, 2022an jasotako kexa kopuru bera.
  • Estatuko Administrazioari eta haren erakundeei eta sozietateei (Correos y Telégrafos SA; Kontsumoaren, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia; Gizarte Segurantza; Trafiko Zuzendaritza Nagusia; Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioa; eta, AENA) zuzenduta, 9 kexa izan dira, 2022an jasotako kexa kopuru bera.

Esparru pribatuari dagokionez 14 kexa jaso ziren 2023an. Urraketak arlo hauetan gertatu ziren:

  • Interes orokorra (6)
  • Kultura, kirola eta aisia (4)
  • Merkataritza (3)
  • Finantzak eta aseguruak (1)

Esparru pribatuan irabazi asmorik gabeko erakunde zein elkarteak eta jarduera profesionalei lotutako erakunde eta enpresak hartu ziren kontuan. Kexak onartzeko orduan kontuan izan dira arlo pribatuko hizkuntza-eskubideak bermatze aldera argitaratu ziren apirilaren 27ko 4/2023 Legea -Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuarena-, eta uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua –Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua-, horietan ezartzen baita zein erakunde edo enpresa dauden legez behartuta eta zein hizkuntza-eskubide bermatu behar dituzten. 

Kexen tipologia 

  1. urtean Elebiden izapidetu ziren 161 kexak lau multzo nagusitan sailkatzen dira:
  • Idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketak: 49 kexa jaso ziren, kasu gehienetan herritarrak kexatu dira gaztelaniaz bakarrik zegoelako eskuragarri beharrezkoa zuten informazioa, eta komunikazioak gaztelaniaz bidali dizkietelako, nahiz eta euskara izan harreman-hizkuntza gisa hautatuta.
  • Ahozko harremanetan izaten direnak: 43 kexa jaso ziren; horietan herritarrek nagusiki adierazi zuten euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zitzaiela.
  • Hizkuntza-paisaian antzeman daitezkeenak (errotuluak, seinaleak…): 43 izan ziren 2023an. Kexa horiek bideetan eta jendaurrean gaztelania hutsean edo euskaraz oker idatzitako kartelei, trafiko seinaleei eta jendaurreko bestelako seinaleei egiten zieten erreferentzia gehienbat.
  • Internet eta sare sozialetan ikus daitezkeenak: arau urraketak 6 izan ziren.

Beste 20 kexa multzo batean baino gehiago sailkatu dira (Idatzizko eta ahozko harremana, Internet eta harremana, paisaia eta harremana…)

Kexen konponbidea

2023an izapidetutako 161 kexetatik 110k (% 68,3) irtenbide egokia izan zuten. 24 kexa (%14,9) izan ziren irtenbiderik gabe itxi zirenak, erreklamatuak Elebidek bidalitako jakinarazpenei erantzun ez izateagatik. Azkenik, 27 kexak (% 16,8) ez zuten irtenbiderik izan herritarrak erreklamatutako entitatean emandako erantzuna ez zuelako onartu.

Elebide

Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2007an jarri zen abian eta helburua da hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza eskainiz. Bere hastapenetik hiru dira Elebideren berezko eginkizunak:

  1. Hizkuntza eskubidek sustatu eta bermatzea
  2. Berme hori eraginkorra izan dadin prozedura bat ezartzea
  3. Konponbideak ezartzeko ardura duten administrazioekin eta erakundeekin lankidetzan jardutea

Honako hau da, urtez urte, Elebiden jasotako kexen kopurua:

URTEA INTZIDENTZIA-KOPURUA
2007 248
2008 310
2009 225
2010 297
2011 296
2012 340
2013 359
2014 412
2015 789
2016 576
2017 346
2018 245
2019 194
2020 246
2021 277
2022 212
2023 222