Hezkuntza Sailak ikasketak amaitzeko malgutasun handiagoa behar duten LHko ikasleentzako laguntzen deialdi bat onartu du

0
PRUEBA

Eskaintza partzialaren modalitatea aukera baliotsua da bai ikasleentzat zein lan-merkatuarentzat, eta Eusko Jaurlaritzak 286.700 € bideratuko ditu kualifikazio-maila hobetu nahi duten 18 urtetik gorakoei ikasketetarako sarbidea errazteko.

Eusko Jaurlaritzak agindu hau onartu du gaur Gobernu Kontseiluan: Agindua, zeinaren bidez Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxeei dei egiten baitzaie 2024-2025 ikasturterako eskaintza partzialeko modalitatean prestakuntza-zikloak emateko dirulaguntzak eskatzeko. Deialdi honen kontura emango diren laguntzen zenbateko osoa 286.700 eurokoa da.

Deialdi honen helburua ikasleen beharretara egokitutako prestakuntza malguaren eskaera gero eta handiagoari erantzutea da, bereziki lanean ari direnentzat. Kontuan izanik lan-ingurunea etengabe aldatzen ari dela, helburua konpetentzien eguneratzea eta hobekuntza sustatzea da, eta, horretarako, dagozkion titulazioak lortzea ahalbidetuko duten prestakuntzetarako sarbidea erraztuko da, lan-aukerak hobetzeko helburuarekin.

Eskaintza Partzial honen bidez, LHko ikasleak modulu (edo irakasgai) solteetan modu independentean matrikulatu ahalko dira, ikasturtea osatzen duten modulu guztietan izena emateak dakarren matrikula arruntaren bidez ez bezala. Eskoletara joatea derrigorrezkoa da oraindik ere modalitate honetan, baina denbora gutxiago beharko da, eta, horri esker, ikasleek beste jarduera batzuk egin ditzakete moduluak ikasten dituzten bitartean.

Eskaintza modular partzial hau prestakuntza-maila hobetu nahi duten eta LHko heziketa-zikloetan sartzeko baldintzak betetzen dituzten 18 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago. Lanbide-modulua edo -moduluak gaindituz gero, eskuratutako konpetentzien ziurtagiri akademikoa eta egiaztapen partzial metagarria lortuko dira. Matrikula ikasturtearen hasieran egiten da.

Konpetentzia profesionalak aitortzeari buruzko kanpaina

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lanbide-eskakizunak egiaztatzeari buruzko informazio-kanpaina bat jarri du abian. Kanpaina hau datozen asteetan azalduko da hainbat hedabidetako publizitate-saioetan, eta lan-esperientzia duten baina hori egiaztatzeko ziurtagiririk ez duten pertsona guztiei dago zuzenduta.

Bi urtetik gorako esperientzia edo 200 orduko prestakuntza ez-formala duten ikasleek titulazio ofizial bat lortu ahal izango dute Euskadiko LHko konpetentziak egiaztatzeko prozesuaren bidez. Sistema erraza eta doakoa da, eta profesionalek beren ibilbide profesionalean eta egindako ikastaroetan eskuratu dituzten trebetasunak eta ezagutzak aitortzen ditu. Ez da beharrezkoa aldez aurreko ikasketarik izatea, probarik egitea edo prestakuntza-zentro batera joatea. Sistema honek konpetentziak ofizialki ebaluatzeko eta egiaztatzeko aukera ematen du.

Malgutasuna eta eskaintza handia

Guztira, 182 ikastetxek eskainiko dute Lanbide Heziketa ikasteko aukera Euskadin 2024-2025 ikasturtean. LH-Euskadik 158 titulazio ikasteko aukera ematen du (oinarrizko, erdi-mailako edo goi-mailako Heziketa Zikloak), baita 22 espezializazio-ikastaro eta 39 lanbide-ziurtagiri ere, guztiak 23 lanbide-arlotakoak. 2023-2024 ikasturte honetan 49.000 ikasle baino gehiago ari dira ikasten Lanbide Heziketako heziketa-zikloren bat edo espezializazio-ikastaroren bat Euskadin, aukerako modalitate hauetan: aurrez aurrekoa, urrutikoa edo eskaintza partzialekoa.