Klima-aldaketari aurre egiteko ehun jarduera baino gehiagotan mobilizatuko dira euskal herritarrak, ASTEKLIMA Euskadiko Klima eta Energiaren Astea dela eta

0

ASTEKLIMAk, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Asteak, Euskal Autonomia Erkidegoko udalak eta erakundeak mobilizatuko ditu 114 jarduera egiteko urriaren 18tik 27ra bitartean, euskal gizartea trantsizio energetiko eta klimatikoaren erronkan inplika dadin. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen eta Ihobe – Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bitartez, ASTEKLIMAren bosgarren edizioa antolatu du, “Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da” lelopean, urriaren 24an egingo den Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunaren barruan.

ASTEKLIMAk askotariko ekitaldiak eskaintzen ditu herritarren sentsibilizazioa eta erantzunkidetasuna sustatze aldera. Horretarako, zenbait jarduera antolatu dira, hala nola tailerrak, antzerki-ikuskizunak, ipuin kontalarien ikuskizunak, zinema, bisita gidatuak eta haurrentzako jolasak. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak sustatuko du Klima Azoka —Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak garatutako ekimena—.Euskal Autonomia Erkidegoko hamar udalerri bisitatuko ditu jolas-izaera duen azoka moduko instalazio ibiltari horrek. Instalazioak autodiagnostiko-probak, informazioa eta balizko jarduerak eskaintzen ditu, pertsona bakoitzak klima-aldaketari aurre egiteko konpromisoa har dezan. Hurrengo 9 egunetan, Bilbon (urriaren 18an), Gernikan (urriaren 19an), Eibarren (urriaren 20an), Amurrion (urriaren 21ean), Vitoria-Gasteizen (urriaren 22an), Sestaon (urriaren 23an), Zumarraga eta Urretxun (urriaren 24an), Hernanin (urriaren 25ean) eta Getxon (urriaren 26an) izango da Klima Azoka. Instalazioa osatzen duten 7 karpei esker, Klima Azokak klima-aldaketari, etxeko ohiturei, mugikortasunari, aisialdiari eta kontsumo arduratsuari buruzko hausnarketak proposatuko ditu. Karpa horiei lurzoruaren babesaren garrantziaz sentsibilizatzeko beste instalazio bat gehituko zaie, baita Urban Klima 2050 Euskadiko klima-egokitzapenerako proiekturik handienari buruzko instalazioa ere.

 

Itsasertzaren klima-egokitzapena eta trantsizio energetikoa

Bosgarren edizio hau dela eta, Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak klima-aldaketaren aurrean itsasertza egokitzeko egindako aurrerapenak aurkeztuko ditu, betiere klima-arriskuaren analisian eta euskal itsasertza egokitzeko orientabideetan oinarrituta. Jardunaldia urriaren 22an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, itsasertza egokitzeko neurrien arloko jardunbide egokiak eta arrakasta-kasuak azalduko dira, hala nola dunek Orioko kostaldeko frontea babesteko duten garrantzia, AZTIk garatutako itsasoaren monitorizazioa eta egokitzapena, Bakion hiri-plangintzarekin koordinatuta itsasertza egokitzeko hartutako neurriak, edo itsasertzeko itsas inpaktuak Euskadiko larrialdi-abisuen sisteman duen eragina —nazioartean arrakasta izan duten beste kasu batzuen artean—.

Aldi berean, Ihobek Irunen, urriaren 23an eta 24an, egingo den Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko Mugaz Gaindiko Kongresuan, UHINAK, parte hartuko du. Kongresu hori nazioarteko erreferentziazko ekitaldia da, hizlarien kalitateari eta programari esker. Izatez, Kongresu horretan, klima-aldaketak kostaldean dituen eraginei buruzko azken ikerketak eta soluzioak aztertzen dira.

 

Ekintza onenentzako sariak

ASTEKLIMAren edizio honek ASTEKLIMAren ekitaldiak antolatzen dituzten erakundeek eta udalerriek garatutako sentsibilizazio-ekintzarik onenak sarituko ditu.  Joan den urriaren 11ra arte jasotako 114 hautagaitzen artean, toki-erakundeek aurkeztu dituzte jarduera gehien (72), eta, ondoren, ikastetxeek (13), Euskadiko irabazi-asmorik gabeko eta gobernuz kanpoko erakundeek (10) eta, azkenik, beste erakunde mota batzuek (19). Sentsibilizazio-ekintzen eragina 8 kategoriatan aitortuko da, eta kategoria horien artean sari nagusia “Euskal Autonomia Erkidegoko ekimenik onena” izango da. Lurralde historiko bakoitzeko jarduera batek jasoko du 5.000 euroko sari hori. Sariak 2024ko azaroaren 29an erabakiko dira.

 

2024ko Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen jarduera guztiak kontsulta daitezke asteklima.eus web-orriaren bitartez.