CRH, eraikuntzan soluzio jasangarriak eskaintzen dituen multinazionala

0
PRUEBA

Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak (AMPEA) emandako azken aitortzetako bat Elena Guede euskal exekutiboak jaso du. Izan ere, Irlandako CRH multinazionalean izandako ibilbide profesional arrakastatsua dela eta, “Emakumezko zuzendari onenaren” saria eman diote. Multinazionala eraikuntzaren sektoreari lotuta dago eta, gaur egun, Jasangarritasuneko Estrategiako presidenteorde seniorra da.

Zure ustez, zer baloratu du epaimahaiak zure ibilbidea saritzeko?

Saritutako kategoria bakoitzean baloraziorako zer irizpide erabili duten ziur ez dakidan arren, industria astunean emakume gisa egin dudan ibilbide profesionalagatik izan dela pentsatu nahi nuke. Izan ere, oso gazterik sartu nintzen teknikarien talde guztiz maskulino batean, ordura arte emakumeentzat oso erakargarria ez zen industria batean, eraikuntzan. Gainera, arrakastaz egin nuen lan, eta etengabe eboluzionatu dut, ezagutza eta erronka berriak gehituz, betiere nire onena emateko helburuarekin era askotako arloetan: estrategia, jasangarritasuna, produkzioa, ingurumena, kalitatea eta abar, betiere nire lidergo-eredua egokituz eta erantzukizun berriak hartuz.

Zer lortu duzu CRHn pilatutako esperientzia horri esker?

Uste dut aukera eman didala fabrikako lehen emakume zuzendaria izateko Espainian eta nire Taldean, baita hainbat enpresatan, bai nire sektorean, bai nire sektoretik kanpo (baita fundazio batean ere) kontseilari izendatua izateko. Esango nizueke inguru maskulino batean emakume izateak ez nauela geldiarazi eta, gainera, profesional aditua izatera bultzatu nauela, eta nire progresio profesionala eratzeko gaitasuna izan dudala.

Zure herrian profeta zarela esango al zenuke?

Ez naiz, egia da. Izan ere, oso txikitatik Gasteizen bizi izan naizen arren, eta nire familia hemen dagoen arren, orain urte asko Leioan ikasten hasi nintzenetik ez dut Arabako enpresa batentzat lan egiteko aukerarik izan. Dena den, nire bizitza profesional guztia dago Euskadiri lotua eta, horrenbestez, oso gertu ibili izan naiz. Niretzat, hemen, Araban, betidanik nire bizitokia egon den tokian, aitortza jasotzeak eta aparteko beste emakume batzuekin eta nire familiarekin partekatzeko aukera izateak balio kalkulaezina du.

Nola azal dezakegu zer den CRH munduan?

CRH jatorria Irlandan duen enpresa multinazionala da, liderra eraikuntzako produktu eta materialak fabrikatzen Europan eta Ipar Amerikan. Zementua, hormigoia, morteroa, zoladura, blokeak, azpiegiturak… produzitzen ditugu. Hau da, zementua oinarri duen eta produzi daitekeen ia edozer. 29 herrialdetan ari gara lanean, 78.500 langile ditugu eta, iaztik, New Yorkeko burtsan kotizatzen dugu.

Eta zein da zuen helburua?

Enpresa gisa, gure helburua da “gure mundua eraikita dagoen modua berriro asmatzea” eta, horretarako, etorkizuneko hiriak eta obrak eraikitzeko konponbide jasangarriak eskaintzen ditugu. Helburu hori kontuan izanda, nire gaur egungo kargua Jasangarritasuneko Estrategiako presidenteorde seniorra da eta aurrean gure gizartea hobetzearekin lotutako oso erronka konplexua, baina aldi berean oso polita dut: “Taldea osoaren negozioaren etorkizuneko eraldaketa eta jasangarritasuna zuzentzea herrialde guztietan”.

Zer eragin du horrek?

Modu errazean esanda, estrategia eta ibilbide-orria diseinatzea gure produkzio-jardueren CO2 isuriak murrizteko, klima-aldaketaren eta ekonomia zirkularraren helburuak lortzeko eta produktu eta irtenbide jasangarriago berriak merkaturatzeko, egungo eta etorkizuneko belaunaldien bizi-kalitatea eta garapena hobetzen laguntzeko. Erronka horretan arrakasta izateko, kokatuta gauden hainbat herrialdetan lanean ari den nazioarteko taldea daukat. Guztiok etengabe konektatuta gaude, oso maiz mugitzen gara eta bidaiatzen dugu negozioak zuzentzen eta babesten, erakundearen aldaketa kulturala lortzeko uste osoarekin. Gainera, jasangarritasunaren eta gizarte-erantzukizunaren arloan nire enpresa ordezkatzen dudan nazioarteko elkarte, hitzaldi eta ekitaldi askotan parte hartzen dut.

Non ikusten duzu zeure burua hurrengo hamarkadan?

Galdera ona da; izan ere, nire esperientziaren arabera, bizitzak aukera asko eskaintzen dizkizu aukera horiek ikusteko prest bazaude: batzuk aurretik amesten zenituenak eta beste batzuk imajinatu ere ez zenituenak. Gustatuko litzaidake buru-belarri lantzen ari naizen helburua lortu izana: klima-aldaketak gizartean dituen inpaktuak murriztea eta mundu jasangarriagoa sortzea, eta hori guztia zuzenean gure negozioetako batean egitea, gure sektorean progresio hori ikusita. Izan ere, horixe da etorkizunerako gakoa.

STEAM karreretara jauzi egin ala ez zalantzan dauden edo ausartzen ez diren neskatilei zuzendutako etorkizunera begirako mezua…

Neskek amets egin behar dute izan nahi dutenarekin, eta amets horiek lortzera bideratu behar dute beti, ez dute inoiz oztoporik jarri behar. Ez dezatela zalantzarik egin beren buruaren inguruan edo ez dezatela mugatu beren burua. Oso polita eta aberasgarria da aurrean ditugun erronka guztiak onartzea eta bidean aurrera egin ahala ikastea.