Berdindu jakinarazpena, Trans 2024 Despatologizazioaren Nazioarteko Egunagatik

0

Urriak19, Trans Pertsonen Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen dugu.

Duela gutxi arte, trans pertsonak «pertsona gaixotzat» hartzen ziren, eta, horregatik, txosten medikoek eta medikuntzak paper garrantzitsua hartzen zuten trans errealitateetan; izan ere, trans izatea osasun mentaleko patologiatzat hartzen zen, eta horrek min handia, sufrimendu handia eta diskriminazio handia eragiten zituen.

Zorionez, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) neurri esanguratsuak hartu zituen trans pertsonak  despatologizatzeko eta genero-aniztasuna errespetatzeko. Hala, 2019an, Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapena (GNS-11) eguneratu zuen, «genero-inkongruentzia» kategorizazioa buruko nahasmendu gisa kenduz eta sexu- eta ugalketa-osasuneko gaitzat hartuz.

Despatologizazioaren aldeko borroka lege-eremuan ere egin da, eta iaz eman zituen emaitzak, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko 4/2023 Legea onartu zenean (lege horrek diagnostiko-irizpideak kentzen ditu eskubideak eskuratzeko baldintza gisa, eta administrazioei eskatzen die transen patologizazio ezaren printzipioaren arabera jokatzea), eta bereziki otsailaren 15eko 4/2024 Legea, genero-identitateagatik ez diskriminatzeari eta transen eskubideak aitortzeari buruzkoa, Euskal transen eskubideak indartzen dituena.

Gizarte-mailan ere aurrerapen handiak lortu ditugu: trans emakume eta gizonak armairu baten barruan bizi behar izatetik beren bizitzak zalantzan jarri gabe bizi ahal izatera igaro dira.

Baina, aurrerapen horiek guztiak gorabehera, giza eskubideen aurkako gizarte-mugimenduak berpizten ikusi ditugu, lorpen horiek desegiteko borrokan ari direnak, batez ere lege mailan, 4/2023 Legearekin lortu direnak.

Hau guztiagatik, aurten ere, Berdindu Zerbitzu Publikoak dei egin nahi dio gizarte osoari lanean jarrai dezan gorroto-diskurtsoak eta horiek sortzeko balio duten ezjakintasuna ezabatu eta desagerrarazteko, eta transexualek beren egunerokoan jasaten dituzten eraso, diskriminazio eta zailtasun guztiak ezabatzeko.

Beharrezkoa da errespetuan oinarritutako gizarte bidezkoago bat eraikitzen jarraitzea, guztion artean; gizarte bat, non diskurtso horiek eta diskriminazioa gizarte horren parte ez direnak, eta gertatzen diren momentuan salatu egiten diren.