TAUPADEKINN, lasterketa baten bihotza ulertzeko ikerketa
- Osakidetzaren Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuak eta Fortuna Kirol Elkarteak TAUPADEKINN ikerketa-proiektua jarri dute abian, jarduera fisikoa sustatzeko eta kirol-ekitaldiak hobetzeko lagungarria izango den ezagutza berria sortzeko.
- Proiektu honen helburu nagusia da hainbat korrikalariren errendimendu-patroia deskribatzea, eta lasterketako prebentzio-, antolaketa- eta segurtasun-alderdiak identifikatu eta ebaluatzea.
- Ekimen honetan parte hartu ahal izango dute 2024ko Behobia/Donostiako korrikalariek. Lasterketan izena eman duten 27.000 pertsonek email bat jaso dute ikerketari buruzko informazioarekin, eta 1687 parte-hartzailek interesa agertu dute dagoeneko
Osakidetzako Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuak eta Fortuna K.E.-k bat egin dute TAUPADEKINN ikerketa-proiektua abian jartzeko, Behobia-San Sebastián lasterketa ezagunaren eta BioINNen arteko lankidetza-esparruaren barruan. Proiektu honen helburu nagusia da profil desberdinetako lasterkarien errendimendu patroia deskribatzea, eta patroi horri lotutako barne- eta kanpo-faktoreak identifikatzea. Ekimen honetan parte hartu ahal izango dute 2024ko Behobia/Donostia lasterketako parte-hartzaile guztiek, hala nahi badute.
Biogipuzkoaren funtsezko balioetako bat Gipuzkoako biztanleekin duen konpromisoa da; izan ere, haiek jasotzen dute osasun-arloko ikerketa- eta berrikuntza-jarduera guztien inpaktua. Gizartea zientziaren arloan trebatzeko lan egiten du Institutuak, eta herritarren ikuspegitik lantzen ditu bere estrategia zientifikoak, ikerketen emaitzek irismen handiagoa izan dezaten. Ildo horretan, Biogipuzkoaren eta Fortuna K.E.-ren arteko lankidetzaren xedea da kirol elkarte horrek sustatutako kirol-jardueretan –besteak beste, Behobia-Donostia (B/SS) lasterketan– zientzia integratzea, jarduera fisikoa sustatzeko eta kirol-ekitaldiak hobetzeko baliagarria izango den ezagutza berria sortzeko.
1919ko lehen ediziotik, B/SSk bilakaera nabarmena izan du, dozenaka mila parte-hartzaileko ekitaldi jendetsu bihurtzeraino (2014an, 30.000 parte-hartzaileko errekor zifrara iritsi zen). 2024ko azaroaren 10erako programatutako berrogeita hemeretzigarren edizio honetan 27.000 pertsonak parte hartzea espero da, lasterketa honek kirol-arloan duen garrantziaren eta eraginaren erakusgarri. Lasterketak exijentzia handiko ibilbidea duenez, garrantzitsua da parte-hartzaileek beren esfortzua erregulatzea, konplikazio mediko larriak (gehienak bihotzarekin, metabolismoarekin edo bero-kolpeekin lotutakoak) saihesteko.
Teknologia mugikorren erabilera masiboak beren burua entrenatu eta monitorizatzeko modua aldatu die korrikalariei. Hala, erloju adimendunetako eta GPSetako osasun- eta fitness-aplikazioei esker, korrikalariek errendimenduari buruzko datu kopuru handiak bildu ahal dituzte.
Ikerketa honetan bildu eta aztertuko diren datuei esker lasterkari-profil desberdinen errendimendu patroiak eta faktore asoziatuak deskribatu ahal izango dira. Ikerketak kanpo-faktoreen inpaktua (tenperaturarena, giro-hezetasunarena, etab.) neurtzen lagunduko du, eta baita ibilbidearen beraren elementu batzuk aztertu eta prebentzioko, antolaketako eta segurtasuneko hobekuntza alderdiak identifikatzen ere. Ikerketan bildutako informazioak balioko du, halaber, korrikalariek lasterketan kontuan hartu beharko lituzketen prestakuntza-entrenamenduko programetako gomendioak diseinatzeko.
Proiektu hau 2024ko Behobia-Donostian izena eman dutenen parte-hartzearekin bakarrik garatu daiteke. Guztiek email bat jaso zuten proiektuari buruzko informazioarekin, eta bertan parte hartu nahi zuten galdetu zitzaien. Guztira, 1.687 lagunek erakutsi dute interesa, baina interesa agertu ez dutenak garaiz daude oraindik ekimen honekin bat egiteko.