Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak gaur zabaldu du berriro sarrera nagusia, osorik berritu ostean

0
  • Osakidetzak 1,5 milioi euro inguru inbertitu ditu Harrera eta Informazio Eremua osorik eraberritzeko
  • Instalazio berrien bidez hobetu dira egunero ospitaletik igarotzen diren 11.000 paziente eta senide baino gehiagoren irisgarritasuna, arreta pertsonalizatua eta erosotasuna

Gaur, urriaren 21ean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak berriz ere zabaldu du Gurutzetako plazan duen sarrera nagusia, Harrera nahiz PEAZ (Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua) zerbitzuak eta Informazio Unitatea erabat eraberritu ostean; hala, egunero ospitaletik igarotzen diren 11.000 paziente eta senide baino gehiagoren irisgarritasuna, arreta pertsonalizatua eta erosotasuna hobetuko dira. Bost hilabete inguru iraun dute lanek eta helburua izan da Osakidetzako eskaria kudeatzeko eredutik eratorritako beharrizan berrietara egokitzea arreta-guneak, arreta emateko eredua hurbilagoa, osoa eta pertsonalizatua izan dadin.

Osakidetzak 1.480.798 euroko inbertsioa egin du 650 m2 eremua eraberritzeko; nagusiki eraikuntza-elementuak erabili dira eta, besteak beste, zura eta material mineralak, hala nola zeramika eta harlangaitza, aukeratu dira inguru hurbila eta atsegina sortzeko. Horrez gain, garrantzi berezia eman zaie argi naturalari nahiz argiztapenari eta zarata murrizten eta ingurune-konforta eskaintzen duten konponbideak bilatu dira.

Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzu (PEAZ) berriak 125 m2-ko eremua hartzen du; horren zati bat gizarte-langileek erabiliko dute eta gainerako zatian, berriz, pazienteei emango zaie arreta. Harrera berrian ia 100 m2 utzi dira pazienteei harrera egiteko, eta PEAZekin partekatuko den itxarongela ere badago, non argiztapen naturala baitago. Bestalde, eraberritutako informazio-postuari dagokionez, ospitalearen sarreran, 250 m2-ko atartean hartuko dira pertsonak; erdi-zirkularra den eremuaren barruan dago, eraberrituta dagoen eta berezia den ospitaleko eskailera zirkularraren aurretik. Horrez gain, kanpoko ataripe irekia eraberritu da eta sarrerako ateak berritu dira eraikinaren kanpoko itxura aldatu barik.

Funtsean, sarrerako itxura instituzionala uztartuko da itxaroteko eta jendeari arreta egiteko guneen itxura atseginekin. Espazio funtzionalak laburbiltzen ditu ospitaleak bere pazienteei nahiz gizarteari ematen dien zerbitzuaren ikuspuntua eta izaera, eta erakundea osatzen duten profesionalen konpromisoaren erakusgarri da.