Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak neurri berriak iragarri ditu sistema judiziala modernizatu eta bere erabilgarritasuna hobetzeko

0

San Josék aurreratu duenez, baliabide gehiago bideratuko dira Doako Justiziarako eta beste bide batzuk bultzatuko dira gatazkak konpontzeko

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék gaur iragarri du 2025eko hurrengo aurrekontuen funtsezko xedea izango dela justizia-zerbitzu publikoaren erabilgarritasuna hobetzea biztanleentzat. Horretarako, eta aurreratu duenaren arabera, baliabide gehiago bideratuko dira doako justiziarako, bere erabilgarritasuna oraindik oztopatzen duten alderdiak aztertuko dira eta beste bide batzuk bultzatuko dira gatazkak konpontzeko.

San Josék ‘Ministerio Fiscal, medios tecnológicos y ejercicio de la acción pública’ izeneko mintegia ireki du Bilboko Justizia Jauregian. Hitzordu horretan, bere Sailak aurrean duen erronka “estrategikoa” aipatu du: justizia biztanle guztiontzat erabilgarri egiteko betebeharra, bere zentzurik zabalenean.

Ekitaldi horretan, bi neurri garrantzitsu iragarri ditu. Batetik, Doako Justiziara bideratutako baliabide ekonomikoak areagotuko direla, “justiziarako lehen erabilgarritasun-atea” den heinean. Eta, bestetik, azterlan berezi bat abiatuko dela justiziaren erabilgarritasuna kaltetzen duten oztopo fisikoak, ekonomikoak, teknologikoak eta konfiantza-arazoak identifikatu eta murrizteko xedearekin, zerbitzu judizialak inoiz erabili ez dituzten horienganaino iritsi ahal izateko.

San Josék gaineratu du oso garrantzitsua dela “gatazkak konpontzeko beste bide batzuk bultzatzea ere”, tribunalak zein Fiskaltza gehiegi ez kargatzeko. Bide alternatibo horiek pertsona guztien eskubide bat bermatzea dute helburu, “garrantzitsuena ez baita gatazka nork konpondu duen, baizik eta gatazka konpontzea”.

Alfabetatze digitala

Sailburuak alfabetatze digitala sistema judizialean hobetzeko beharra ere nabarmendu du, eskubideekiko sarbidean eragiten duen arrakala murriztu ahal izateko. “Justizia modernizatzea, operadore juridikoen lana erraztuko duten teknologia-baliabiderik onenak bermatzeaz gain, biztanleei teknologia hori erabili ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak eta abileziak ematea ere bada”, adierazi du.

Eta «non take-up of rights» delako fenomenoa aipatu du —eskubideez ez gozatzea edo eskubide horiek ez aprobetxatzea, horretarako aukera duten pertsonen aldetik—. Izan ere, eta bere esanetan, erakundeek dituzten kezka handienen artean baitago.

Erabilgarritasuna sustatzeari dagokionez, San Josék adierazi du alderdi bikoitz bat jorratzen ari direla, desgaitasun ezberdinen ondorioz behar bereziak dituzten pertsonei zuzendutako hori, EAEn funtzionatzen duten aplikatiboen eta sistemen bitartez eta horien guztien katalogoa aztertuz, Europako eta Espainiako estandarrak betetzen direla bermatzeko.

Bestalde, adineko pertsonei zuzenduriko alfabetatze digital eta judizialerako plan bat garatzeko beharra azpimarratu du sailburuak, beren erabateko integrazioa ahalbidetzeko zerbitzu publikoen erabileran. Azaldu duenez, “gizarte duin batek ezin ditu dagoeneko bere laurdena diren eta laster herena ere osatuko duten pertsonak zerbitzu publikoetarako sarbidetik at utzi”. Eta jarraian baieztatu du “urteak betetzeak ezin duela inolako desabantailarik suposatu, bizitzaren edozein arlotan”.

Fiskaltza

San Josék gogoratu du ere Justizia Digitalaren Planak berariaz aurreikusten duela kanpoko operadoreen alfabetatzea. “Abokatu, prokuradore eta gizarte-hezitzaileek beharrezko erremintak eduki behar dituzte Euskadiko sistema judizialekin hartu-emanak izan eta behar bereziak dituzten pertsonak artatu ahal izateko”, azaldu du eta, ondoren, Fiskaltza ere talde horren barruan dagoela gaineratu du, bere eginkizun nagusia biztanleen eskubideak babestea den heinean. Azken urteotan, jarraitu du, “teknologiak Fiskaltzaren lana eraldatu du”, eraginkorrago, arinago eta zorrotzago eginaz, nazioarteko lankidetza eta (teknologia-krimenetan) froga digitalen erabilera erraztuz. Dena den, erreminta horiek “arrakala digital” bat ere sor dezakete karrera fiskaleko kideen artean, beren efizientzia eta garapen profesionala oztopatuz.

Bere hitzaldiari amaiera emateko, “erabateko” elkarreragingarritasunerantz aurrera egiteko garrantzia nabarmendu du sailburuak, alferrikakoak diren izapideak murriztuz eta justiziaren modernizazioan aurrera eginaz adimen artifiziala bezalako teknologiak erabiliz.

 

Bilbo, 2024ko urriaren 21a