Osasun mentalari atxikitako giza baliabideak % 60 handitu dira Osakidetzan 2009. urteaz geroztik

0

Osasun mentala da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lehentasun handienetako bat. Izatez, Osasun Sailak pertsona jartzen du erdigunean eta arretaren ikuspegi komunitarioaren aldeko apustua egiten du. Hala adierazi du Alberto Martínez Osasuneko sailburuak Donostian egiten ari den Estatuko Psikiatriari buruzko XXVII. Biltzarrean —arlo horretako 1.500 aditu baino gehiagok parte hartzen dute biltzar horretan—.

Azpimarratu duenez, azken urteotan asistentziaren bilakaerak berekin ekarri du sistemarako ikaskuntza areagotzea eta profesional espezializatuen kopurua nabarmen handitzea. Hala, Euskadiko ospitaleetako eta osasun mentaleko egituretako langileen kopurua % 63 handitu da 2009. urteaz geroztik. Zehazki, % 58 handitu da helduen psikiatriaren kasuan eta % 182 handitu da haurren psikiatriaren kasuan; gainera, egiturazko plantilla baino % 19 profesional gehiago ari dira lanean. Euskadin 15 psikiatra daude 100.000 biztanleko, Estatuko ratiorik altuena. Aldi berean, sare anbulatorioari eta hobekuntza terapeutikoei esker, murriztu dira osasun mentaleko sarearen batez besteko jarduera eta ospitaleratzeen kopurua.

Ildo horretan, Alberto Martínez sailburuak nabarmendu du Osasun Sailak eta Osakidetzak, pandemia baino lehen, zenbait baliabide aurreikusi eta planifikatu zituztela gaixotasun mental larriak eragindako premiei erantzuteko, bereziki.

Haur eta gazteei arreta emateko unitate berriak

Gogorarazi du, azken urteotan, arreta goiztiarra ematen duten eta haur eta gazteen premiei erantzuten dieten eguneko ospitaleko 8 unitate berri ireki direla, hiru lurralde historikoetan. Eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean beste bi unitate irekiko direla jakinarazi du: bata, Bereizmen Handikoa, krisian dauden gaixo akutuei arreta emango diena —paziente horiei esku-hartze espezifikoak aplikatuko zaizkie tratamendu anbulatorioarekin jarrai dezaten edo psikiatrikoan ospitaleratu daitezen—; eta bestea, erregimen itxiko eta egonaldi laburreko Ospitalizazio Intentsibokoa, pazientea gero dispositibo anbulatorioetara bideratzeko, hobekuntza ikusten bada, edo, hala badagokio, dispositibo subakutu batean sartzeko.

Hori guztia, Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategiaren esparruan egingo da. Estrategia horrek arreta berezia eskaintzen die elikadura-jokabidearen arloko nahasmenduei, haurren eta gazteen osasun mentalari eta patologia dualari (adikzioekin lotutakoa). Osakidetzak, duela bi urtetik hona, Lehen Mailako Arretan haurren osasunaren arloan garatzen duen programaz gain, nerabeen artean depresio handia detektatzeko baheketa egiten du, Foru Aldundiekin hitzarmen soziosanitarioak egin ditu, eta beste estrategia batzuk jarri ditu abian, hala nola suizidioaren prebentziorako estrategia eta prebentzio soziosanitariorako estrategia, foru- eta toki-erakundeen eskutik.

Osasuneko sailburuak arlo horretako arreta indartzen jarraitzeko asmoa berretsi du, eta iragarri du koordinazio-egitura espezifiko bat jarriko duela abian Osakidetzaren barruan, herritarren eskariari hobeto erantzuteko, eta arreta komunitarioko psikologoaren lanpostu funtzionala sortuko dela, asistentziazkoak ez diren lanetarako, hezkuntzarako eta pazienteen kolektiboei heltzeko.

Alberto Martínez sailburuak badaki, azken urteotan, estres emozionaleko eta ondoez psikologikoko egoeren inguruko kezka areagotu dela, eta alderdi horiei ere arreta eman behar zaiela, betiere ongizate emozionalarekin lotutako prozesuak ez psikiatrizatzeko baina gaixotasun larriaren garrantzia ez hutsaltzeko premisa bikoitzetik abiatuta. Aldi berean, horrek gaixotasun mentalaren inguruko estigma murriztea ekarri duela adierazi du: “oso garrantzitsua da herritarrek gertatzen zaiena ez ezkutatzea, laguntza eskatzera joatea, eta, batez ere, nora jo izatea”. Azpimarratu du, ingurune askotan, hala nola hezkuntzan edo lanean, errealitate horretaz jabetu direla eta errealitate horri heltzeko protokoloak eta baliabideak artikulatzen ari direla.

Gauko Estatuko Psikiatria Biltzarrean, Andrea Gabilondok, Osakidetzako Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendariak Psikiatriako Ikerketa Klinikoko poster onenaren saria jaso du, agente komunitarioek suizidioaren prebentzioa sustatzeko BIZI programa Euskadin garatu, ebaluatu eta hedatzeagatik.