Badator Zientzia Astea 2024!

0
 

Zientzia Astea, UPV/EHUren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astea, hedapen zientifikoko ekitaldi handiena, Bilbon, Barakaldon, Gasteizen eta Donostian egingo da. Zientzia Asteak eskaintza paregabea prestatu du; hain zuzen, doako 200 jarduera baino gehiagotan parte hartzeko aukera egongo da. Askotariko ekintzak antolatu dira: ikastetxeentzako bisitaldiak, txoko zientifikoak, tailerrak, irteera didaktikoak, hitzaldiak, lehiaketak eta dibulgazio ikuskizunak, hala nola Zientzia Club ikuskizuna. Hori guztia euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzeko asmoz.

Urriak 22an, publiko orokorrentzako izen-emate epea irekiko da, UPV/EHUren XXII. Zientzia Astean parte hartzeko, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Tailerretan eta ibilbide didaktikoetan soilik eman behar da izena, eta www.zientzia-astea.eus webgunean egin daiteke.Bertan ekimenari buruzko informazio gehiago irakur daiteke. Barakaldoren kasuan, urriaren 28an zabalduko da izen-emate epea. Gorago aipatutako web orrian zehazten da ekimen ezberdinetan izena emateko modua.

Ikastetxeentzako epea irailaren 25ean zabaldu zen, eta dagoeneko 5.000 pertsonek baino gehiagok eman dute izena. Egoitzetan, DBH eta Batxilergoko ikasleentzako tailerrak eta  ibilbide pedagogikoak antolatu dira. Ibilbide horietan, txokoetako adituek gidatutako esperimentuak, jolasak, erakustaldiak eta abar garatuko dira euskaraz eta gaztelaniaz, modu erraz, entretenigarri eta ulergarrian, ikasleak zientzia eta teknologia mundura hurbiltzeko asmoz. Taldeak 15 ikasle baino gutxiagokoak izan behar dira. Bisitak hauek urriaren 23an, eta azaroaren 6an, 7an, 8an eta 25ean egin ahal izango dira Bilbon  eta Barakaldon, eta azaroaren 7an eta 8an  Donostian eta Vitoria-Gasteizen.

Argazki Geologikoen XVI. Lehiaketa

Argazki geologikoen XVI. lehiaketan parte hartzeko epea azaroaren 5era arte egongo da zabalik. Lurraren Zientziekin lotutako irudien lehiaketa bat da, DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendua.

Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da. Ekimen honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak gizarteari zientzia hurbildu nahi dio, haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz. Edizio berri hau azaroaren 6tik 10era egingo da Bilbon (Bizkaia Aretoa) eta Barakaldon (Clara Campoamor Udaltegia), 7tik 9ra Donostian (Tabakalera) eta 7tik 10era Gasteizen (Bibat Museoa eta Gasteizko Ingeniaritza Eskola).

Zientzia Astea 2024 UPV/EHUk antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin eta Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Barakaldoko Udalaren, Donostiako Udalaren, Gasteizko Udalaren, Vital Fundazioaren, Metro Bilbaoren eta Ecampusen babesarekin. Jarduera batzuk G9-Science4All eta ORE4Citizens proiektuen barruan sartzen dira. Proiektu horiek Europako Batzordeak finantzatzen ditu, Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) Ekintzen bidez. Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena da, eta Horizonte Europa, EBko Ikerketako eta Berrikuntzako Esparru Programaren barruan dago.