Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak nekazaritzaren eta arrantzaren sektoreetako ibilbide profesionalak aitortzeko 2024ko «Gonzalo Nárdiz» XXI. Sariak deitu ditu

0

Pertsonei edo kolektiboei zuzenduta: Jabier Herrerok sortutako “Hiru elementuak” izeneko artelanaren brontzean galdatutako eskultura

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak nekazaritzaren eta arrantzaren sektoreetako ibilbide profesionalak aitortzeko 2024ko «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» Sariak deitu ditu. Sarien onuradun izan daitezke nekazaritzaren eta arrantzaren sektoreetan egindako lanagatik nabarmendu diren eta euren ibilbide profesionala nagusiki Euskadin, denbora luzean eta finkatuta, garatu duten pertsona edo kolektiboak.

Amaia Barredo sailburuak Gobernu Kontseiluan azaldu duenez, sarietarako hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi sektore-eragileren babesarekin aurkeztu beharko dira gutxienez, eta, edonola ere hautagai izendatutako pertsonaren edo kolektiboaren onarpena izan beharko dute.

Proposamenak egingo dituzten sektore-eragile horien artean egongo dira, besteak beste, sindikatu-izaerako erakunde profesionalak; nekazaritza- eta arrantza-sektoreko elkarte profesionalak eta enpresarialak, bai eta horien federazioak eta konfederazioak ere; bestelako elkarte eta federazioak; fundazioak; arrantzaleen kofradiak; kooperatibak; eta nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako eta elikagai-industriako profesionalak. Hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2024ko deialdirako sarietan ohorezko sari bana emango zaizkie eta aintzatespen publikoaren ekitaldia egingo da. Aintzatespen-ekitaldi horretan Jabier Herrerok Gonzalo Nardiz Bengoetxea sarietarako beren-beregi sortutako “Hiru Elementuak” izeneko artelanaren brontzean galdatutako hiru eskultura emango zaizkie.

Sari hauek 2003´an sortu ziren, Gonzalo Nardiz Bengoetxea izenarekin (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburua 1939´an), 1990ean sortutako «Faunaren Etologia eta Ekologiako Gonzalo Nardiz Sariak» izenari berriro helduz.   Gonzalo Nardizek, euskal historiaren garai bereziki gatazkatsuan, biztanleria zibilaren funtsezko eskakizunei erantzuteko zeregina hartu zuen bere gain, sistema demokratikoa defendatzeko eta berrezartzeko lehentasunezko beharrak markatutako testuinguru batean.