Emakunde-Euskalit jardunaldia: «Berdintasuna kudeaketa aurreratuan»

0
  • Bi erakundeek «Berdintasuna kudeaketa aurreratuan» VIII. jardunaldia antolatu dute gaur, Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen esparruan
  • SATSE, Bidelan, SARTU Araba, ULMA Packaging, Euskalduna Jauregia eta Ikaslan Gipuzkoaren jardunbide egokiak aurkeztu dira

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Fernando Sierra Euskaliteko zuzendariak «Berdintasuna kudeaketa aurreratuan. Tresnak eta esperientziak” jardunaldia ireki dute VIII Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen esparruan.

Iaz bien arteko hitzarmena berritu ondoren, Emakundek eta Euskalitek lankidetzan jarraitu dute kudeaketa aurreratuko ereduan genero-ikuspegia txertatzen laguntzeko eta hobetzeko. Miren Elgarrestak bi erakundeen arteko konpromiso hori nabarmendu du: «Lankidetza hori beharrezkoa da, argi baitugu kudeaketa aurreratua eta berdintasuna batera doazela».

Emakundeko zuzendariak konpromisoa hartu du materialak eguneratzen jarraitzeko, hala nola, Kudeaketari genero-ikuspegitik balioa emateko gida, eta sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak bultzatzen jarraitzeko. «Jardunbide egokiak biltzen jarraituko dugu baita ere, kudeaketa aurreratuaren ereduko elementu guztietan genero-ikuspegia kontzienteki txerta daitekeela erakusteko”, adierazi du Elgarrestak.

Horrela, gaurko jardunaldian hainbat euskal erakundek berdintasunaren arloan egindako jardunbide egokiak aurkeztu dira. Satse erizainen sindikatuak gobernantza- eta kudeaketa-organoetan genero ikuspegia txertatzeko prozesua azaldu du. Euskadiko ordezkaritza aitzindaria izan da eta beste ordezkaritza batzuetara eraman da bere esperientzia.

Sartu Araba birlaneratzeko elkarteak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko barne-protokolo bat prestatzeko prestakuntza- eta partaidetza-prozesua azaldu du.

Hauekin batera beraien esperientziak azaldu dituzte Bidelan, AP1 eta AP8 autobideen kudeatzaileak; Ulma Packaging-ek industria-sektorean emakumeen bokazio teknikoak sustatzeko ekimena aurkeztu du; Euskalduna Jauregiak emakumeentzako seguruak ez diren espazioak identifikatu eta zuzentzeko ekimea aurkeztu du; eta Ikaslan Gipuzkoak (LHko ikastetxe publikoen elkartea), estereotipoak gainditzeari eta okupazio-segregazioari buruzko ikerketa aurkeztu du.

Adibide horiek hemen ere kontsulta daitezke. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat motatako erakundeetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduerak, metodologiak eta tresnak biltzen dituzten esperientziak jasotzen dira urtero.

Bestetik, Julia de León Euskaliteko Koordinazioko eta Kohesioko arduradunak berdintasunaren arloan Euskalitek egin dituen ekintzak azaldu ditu eta Assumpta Ayerdi Olaizola adituak «Parte-hartzea: funtsezkoa enpresen kulturan eta antolaketa-egituran berdintasuna bermatzeko» hitzaldia eman du. Ayerdik esperientzia handia du hezkuntzaren, ekonomia solidarioaren eta ahalduntzearen arloetan, Nazio Batuetan eta beste erakunde batzuetan, eta parte-hartzearen eta genero-berdintasunaren artean dauden loturak planteatu ditu. Bere hitzaldian, berdintasunaren aurkako erresistentziak gainditzeko edo lan-giro fidagarriak sortzeko parte-hartzeak egindako ekarpena aipatu ditu, besteak beste.