“Enplegu modalitateko borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak Euskadiko langileen % 70engana iristea lortu nahi dugu”, adierazi du Corchón Sailburuordeak

0

Ogasun eta Finantza Saila lanean ari da, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioarekin eta gizarte-eragileekin batera, gizarte-aurreikuspen osagarriak negoziazio kolektiboaren bidez orokortzeko beharrezkoak diren formulak aurkitze aldera, betiere bigarren zutabearen bidez, hau da, enplegu-modalitateko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen bidez.

José Enrique Corchón Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak ideia hori nabarmendu du Global Pensions Programme-ren irekiera-jardunaldian. Hain zuzen, pentsioei buruzko munduko ekitaldirik nagusiena lehen aldiz egiten ari da Euskadin.

“Baterako lan horrekin lortu nahi den helburua da sistema horiek Euskadiko langileen % 70engana iristea, gutxienez. Horretarako, gizarte-eragileen nahitaezko laguntza izango dugu, ezinbestekoak baitira sistema osagarri horiek ezarri, sortu, garatu eta bultzatzeko”, eman du aditzera.

Horren bidez, aurrezpen finalista bultzatu nahi da, eta ez aurrezkia, oro har, adierazi du Corchón sailburuordeak berrehun laguneko auditorioaren aurrean. “Horregatik, gure ustez, diskriminazio legal eta fiskal positiboa behar da, eta, ondorioz, erregulazioa espezifikoa ezarri behar da ekarpenetan zein prestazioetan. Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek jasotako aurrezki ez-finalista ez da Gizarte Aurreikuspena sustatzen duen Sailaren negoziatua”, eta gaineratu du Gizarte Aurreikuspeneko tresnek gastua justifikatzen duen gizarte-proiekzioa izan behar dutela. “Ahalik eta pertsona gehienengana iritsiko den tresna eraginkor bat sortzea da helburua”, nabarmendu du.

Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak bere hitzaldian adierazi duenez, gizarte orok finkatu behar du zein diren Gizarte Aurreikuspen egokiaren bidez lortu nahi diren helburuak; izan ere, helburuei buruzko akordioa lortuz gero, errazago lortzen da helburu horiek erdiesteko erabil daitezkeen bitartekoei buruzko akordioa.

Gaur BECen hasiko diren bi jardunaldietako programaren barruan, esperientzia akademiko, teoriko eta, alderdi askotan, praktiko handia duten gizarte-aurreikuspeneko ereduetako zenbait eragilek hartuko dute hitza. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak “Euskadin dugun gizarte-aurreikuspeneko eredua, Espainiako Estatuan aitortua eta baloratua” partekatuko du, José Enrique Corchón sailburuordeak nabarmendu duenez.