Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako laguntzak onartu ditu, bake epaitegien 2024ko funtzionamendua estaltzeko

0

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko udalei zuzenduriko laguntzak onartu ditu, Bake Epaitegien 2024ko funtzionamenduari loturiko gastuak ordain ditzaten. 500.000 euroko aurrekontu-zuzkidura izango dute, udalerriei erakunde judizial hauen ondoriozko gastu operatiboak kudeatzen laguntzeko.

Aurtengo abendura arte Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 251 udalerrietatik, 237k Bake Epaitegia dute: 106k Bizkaian, 82k Gipuzkoan eta 49k Araban. 500.000 euroko aurrekontu-sail hau honela banatuko da lurraldeen artean: 229.475 euro Bake Epaitegia duten Bizkaiko udalerrietarako; 168.950 euro Gipuzkoako horietarako eta 66.150 euro Arabako horietarako.

Laguntzak Bake Epaitegia duten udalen artean banatuko dira, ondoko irizpideak aplikatuz: udalerri bakoitzeko biztanleria, espetxe baten presentzia eta, Bake Epaitegien Elkarteen kasuan, inplikaturiko udalek jasaten duten lan-karga.

Aurrekontu handiagoa 

Deialdi honetarako zuzkidura iazkoa baino % 7,6 handiagoa da, iazko aurrekontua 464.450 eurokoa izan baitzen. Igoera horren zioa da 1.850 euro gehiago aurreikusi direla, hau da, 5.550 euro guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan dauden hiru espetxeak kudeatzeko. Aldaketa hori Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak espetxe-eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoari emateko sinatu zuten akordioaren (2021eko urriaren 1ean sartu zen indarrean) ondorio da.

Deialdi honetako funtsek lau gastu-arlo estaliko dituzte:

  1. Argia, gasa, telefonoa, garbiketa eta bulego-materiala bezalako hornidura-gastuak.
  2. Epaitegiaren funtzionamenduari loturiko joan-etorrien gastuak.
  3. Bake Epaitegietan lan egiten duten udal-langileen ordainsari-kostuen egoztea.
  4. Erakunde hauen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren beste gastu arrunt batzuk.

Deialdi honen xedea da beharrezko baliabideak eskaintzea udalei, Bake Epaitegiei dagokienez esleituta dituzten eginkizunak eta eskumenak eraginkortasunez bete ditzaten, Bake Epaitegien funtzionamendua bezalako zerbitzu bat oso garrantzitsua baita biztanleriarentzat.