Osasun Sailak akordioa lortu du La Pau anbulantzia-enpresarekin, azaroaren 30a baino lehen irteera ordenatua egin dezan

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, zenbait aukera aztertu ondoren eta lehentasuna pazienteek dutela kontuan hartuta, akordioa lortu du La Pau anbulantzia-enpresarekin, irteera ordenatua egin dezan eta azaroaren 30a baino lehen Bizkaian eta Araban osasun-garraioaren zerbitzua egiteari utz diezaion.

Gaur arratsaldean, Lore Bilbao Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordeak eta Kataluniako enpresaren arduradunek Vitoria-Gasteizen egindako bileraren ostean hartu da erabakia. Bi aldeek adostu dute irteera modu ordenatuan eta datorren azaroaren amaiera baino lehen egitea. Data horretan, beste enpresa bat arduratuko da, Bizkaian eta Araban, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzien eta asistentziarik gabeko anbulantzien zerbitzua egiteaz, larrialdi-kontratu baten bidez.

Ordura arte, zerbitzua ez da inola ere etengo eta asistentzia erabat bermatuko da. Orain, zerbitzu hori egin ahal izateko beharrezkoa den administrazio-tramitazioari ekingo zaio.

Osasun Sailaren iritziz, hori da irtenbiderik egokiena, kontuan izanik Eusko Jaurlaritzarentzat pazienteak eta zerbitzua egiten duten langileak direla erdigunea eta lehentasuna. Ildo horretan, gogorarazi behar da La Pau-ek eskainitako zerbitzuan izandako akatsen aurrean, batez ere joan den uztailetik hona, Osasun Sailak horren arabera jokatu duela, enpresari neurri administratiboak eta zehapen ekonomikoak aplikatuz, eskatutako baldintzak ez betetzeagatik. Halaber, Osasun Sailak jarraipen-batzorde bat sortzea erabaki du, kontratuak betetzen direla bermatzeko.