Eibarko Udalak gertaera arrazista, xenofobo, ijito kontrako eta LGTBIfobikoen aurrean jarduteko Biltzenek landutako udal-protokolo aitzindaria onartu du

0

Biltzen Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuak urtebete baino gehiago eman du Eibarko Udalarekin elkarlanean, gorroto arrazista, xenofobo, LGTBIfobiko eta ijitoen kontrakoen inguruko gertaeren aurrean jarduteko tokiko protokoloa prestatzeko prozesuan. Eibarko Udalak gaur onartutako protokolo hau aitzindaria da arlo honetan; Euskadin egiten den lehena da eta Eibar da onartzen duen lehen udalerria.

Jarduera-protokolo honen bidez, Eibarko Udalaren jarduera antolatu nahi da, udalerrian gertatzen diren gorroto arrazista, xenofobo, ijito kontrako eta/edo LGTBIfobikoen gertaeren aurrean, bai eremu publikoan, bai digitalean. Helburua da erantzun egokia eta proportzionatua ematea ekintza horrek biktimarengan eta bizikidetza komunitarioan izan dituen ondorioei.

Oro har, biktimei behar bezalako erantzuna ematea da helburu nagusia, baina, era berean, gizartea sentsibilizatzearen alde egin nahi da, halako gertaerak sor ez daitezen, baita arrazismoaren, xenofobiaren, LGTBIfobiaren eta ijitoen kontrako gertaeren udal-zifrak azaleratzearen alde ere.

2022ko uztailean, Eusko Jaurlaritzak gorroto-gertaeren aurrean jarduteko gida bat argitaratu zuen, toki-erakundeei zuzendua, Biltzenen eskutik. EAEko udalen errealitatean sakontzeko eta egokitzeko lanari ekiteko oinarrizko dokumentua zen.

Gidaliburuak jarraibide, printzipio eta orientabide orokor batzuk ezarri zituen biktimei arreta emateko eta erakundeek halako gorroto-gertaeren aurrean erreakzionatzeko. Hortik aurrera, Eibarko Udalak, Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuarekin (Biltzen) koordinatutako lan baten ondoren, tokiko hainbat eragileren parte-hartzearekin, gida hori udal-eremuan ezartzeari ekin dio. Prozesuan zehar, Biltzenek, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari lotutako zerbitzuak, tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko prestakuntza eman die Gipuzkoako udalerriko eragile instituzional eta sozial askori.

Gida tresna baliagarria izan nahi du gorroto-gertaera potentzialei aurre egiteko ez ezik, sentsibilizazio- eta prebentzio-prozesuak ezartzeko ere. Horregatik, diskriminazioa erasoetatik haragoko fenomeno gisa jorratzen du dokumentuak, funtsezko kontzeptuei buruzko informazioa, jarduteko printzipioak eta ekintza zehatzen proposamenak emanez, ikuspegi intersekzionaletik, pertsona guztien giza eskubideekiko errespetuan oinarrituta. Dokumentuaren bidez, kolektibo edo populazio-talde jakin batzuen espezifikotasuna ikusarazi nahi da, begirada hirukoitzarekin: migratzailea, ijitoa eta LGTBI.

Gainera, protokoloak funtsezko kontzeptuak argitzen ditu, eta sor daitezkeen gertaeren aurrean jarduteko prozedura bat ezartzen du. Dokumentu bizia eta berritzailea da, eta berrikusi egingo da, eragile instituzional eta sozialekin kontrastatuta, bere lanketan egin den bezala.