Eusko Jaurlaritzak diskoteketako edukiera zainduko du Halloween ospakizunetan

0

Eusko Jaurlaritzak sentsibilizazio-kanpaina berri bat abiarazi du herritarrak aisialdirako espazioetan edukiera-mugak errespetatzearen garrantziaz kontzientziatzeko, bereziki, Halloween, Gabonak eta Urtezahar gaua bezalako ospakizun handiak gerturatzen ari diren honetan. «Edukierarekin jolastea zure bizitzarekin jolastea da» lelopean, ekimen honek pertsona bakoitzak erantzukizunez jokatzea eskatzen du, segurtasun kolektiboa sustatzeko helburu nagusiarekin, eta horrelako espazio handietako jaietara joaten direnek modu arduratsuan eta arriskurik gabe egin dezaten.

Ildo horretan, Halloween Gaua ospatzeari begira, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak eskatuta, Ertzaintzaren Joko eta Ikuskizun Unitateak Euskadiko 700 lagunetik gorako edukiera duten diskotekak, eta jai tematiko bat egingo dutenak, ikuskatzeko eta kontrolatzeko aparteko dispositibo bat garatuko du aste honetan.

Operazio honen helburua urriaren 31ko gauerako aurreikusitako ospakizunetara joaten direnen segurtasuna zaintzea da. Ertzaintzako agenteek, batez ere, funtzionamenduan aldaketaren bat egin den edo araudia betetzen ez duen dekorazioren bat jarri den zainduko dute. Era berean, honako hauek ere egiaztatuko dituzte: ebakuazio-bideak egoera onean eta behar bezala seinaleztatuta daudela; suteen aurka babesteko bitartekoak egoera onean daudela, non dauden eta behar bezala seinaleztatuta dauden; orain arte saldutako sarrera-kopurua, ekitaldira joateko aurreikuspena eta sarrera eta edukiera kontrolatzeko izango dituzten bitartekoak.

Premisa berarekin, urriaren 31ko gauean zehar, Joko eta Ikuskizun Unitateak zaintza- eta kontrol-lanak egingo ditu Ertzain-etxe desberdinetako Herritarren Babeserako agenteekin batera, diskoteka eta dantzalekuen inguruan prebentzio-lanak egiteko. Instalazioak eta langileen funtzioak berrikusiko dira, lokalean adingabeen presentzia eta edukiera kontrolatuko dira, eta araudiaren arabera lokala ixteko ordutegia egiaztatuko da.