Eusko Jaurlaritzak kamioien eta autobusen ikuskapena indartuko du Euskadin

0

Urriaren 28tik azaroaren 3ra bitartean kamioien eta autobusen baldintza teknikoak aztertuko dituzte

Ertzaintzak kamioien eta autobusen zaintza eta kontrola indartuko ditu urriaren 28tik azaroaren 3ra bitartean, eta arreta berezia eskainiko die ibilgailuen baldintza teknikoei, Euskadiko errepide-sarean istripuei aurrea hartzeko. Kanpainaren helburua da erabilera publikoko errepideetan zirkulatzeko araudi bidez ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzea. Batez ere azpimarratuko dira:

  • Ibilgailuen Azterketa Teknikoa.
  • Argiak.
  • Pneumatikoen egoera.

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera, “segurtasunez zirkulatu ahal izateko oinarrizko faktoreetako bat ibilgailuaren mantentze-lanak eguneratuta izatea da. Kontrol horien helburua da IATa pasatzeak eta aldizkako azterketak egiteak duen garrantziaz kontzientziatzea, istripuak saihesteko”. 

Bestalde, baimendutako gidatze-orduak gainditzen diren eta ezarritako atsedenaldiak egiten diren ere egiaztatuko da, bai eta takografoak funtzionatzen duen edo manipulatu egin den ere erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko. Horrez gainera, salgaien garraioan zainduko da ea baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama behar bezala lotuta dagoen.

Kanpaina hau trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu diren 38 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.