Lehendakariak: “Gaurko eta biharko Euskadi eraikitzeko aurrekontua. Euskadi Berria, gazteentzako etorkizuneko herria”

0
PRUEBA

Imanol Pradalesek “Euskadi Berria. Ongizatean hazi”, 2025erako aurrekontu proiektuaren oinarriak aurkeztu ditu; 15.728 milioi euro izango ditu eta zerbitzu publikoak indartzea, etorkizuneko eraldaketetan inbertsioak egitea eta komunitate zentzua indartzea lehenetsiko ditu

Lehendakariak bihar Gobernu Kontseiluan onartuko den 2025erako aurrekontu proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur Lehendakaritzan. Imanol Pradalesek exekutiboaren ekintza gidatuko duten helburu nagusiak xehatu ditu “Euskadi Berria. Ongizatean hazi” izeneko egitasmoan.

Herritarren bizi kalitatea hobetzea da, Pradalesek ohartarazi duenez, aurrekontu proiektu honetan aurreikusitako plan eta ekimen guztien xede nagusia. Hori lortzeko “15.728 milioi euro izango ditugu 2025ean. Gure historiako aurrekonturik handiena”, aurreratu du Pradalesek.

Ahalegina, jasangarritasuna eta elkarlana

Aurrekontu publiko baten gakoak zerrendatzen hasi du Lehendakariak bere diskurtsoa: ahalegin kolektiboa, zorroztasuna, iraunkortasuna eta elkarlana. “Guztion artean egindako ahalegina da aurrekontua. Gizarte justuago batean eta herrialde oparoago batean bizitzeko balioko duen ahalegina. Aukeretan hazteko eta inor atzean ez uzteko”, adierazi du.

Gastuan eta inbertsioan zorroztasuna da Lehendakariak aipatu duen bigarren gakoa. “Aurrekontu batek erakusten digu mugak ditugula eta erabaki behar dugula. Ez da denerako iristen, eta lehentasunak jarri behar ditugu nahitaez. Gastuan eta inbertsioan eraginkortasuna eta efikazia aplikatzea eskatzen digu. Zorpetzean zorroztasuna aplikatzea ere, inbertsio produktiborako aktibatuz, eta ez gastu arruntari aurre egiteko. Izan ere, gure etxeetan bezala, mailegua eskatzeko garaian, ez da gauza bera gure seme-alaben formakuntzarako edo gama altuko auto bat erosteko eskatzea”.

Hirugarren gakoa sistemaren iraunkortasuna da. “Denok dakigu gure erabakiekin ezin dugula gure seme-alaben etorkizuna hipotekatu. Eusko Jaurlaritzak ere ezin du hori egin”, ohartarazi du Pradalesek.

Lehendakariak onartu duenez, nahiz eta ziklo ekonomiko positibo batean murgilduta gauden, “gaurko baliabideak ez daude bermatuta biharko. Egungo hazkunde zikloa baliatu behar dugu etorkizunerako prestatuko gaituzten inbertsio produktibo eta eraldatzaileak aktibatzeko. Gure herrialdeak aberastasun- eta aurrezki-iturri berriak sortzeko duen gaitasuna handitzen duten inbertsioak egin behar ditugu”.

Hori guztia aurrera eramateko, Lehendakariaren arabera, ezinbestekoa da euskal erakundeen arteko elkarlana sustatzea. “Funtsezkoa da erakundeok ikuspegi bera izatea. Eta bakoitza, bere eskumenen esparrutik, proiektu komun horretara batu dadin”, iritzi dio Pradalesek.

Lehen zutabea: zerbitzu publikoak indartzea

Lehendakariak aurrekontuaren zutabe bakoitza osatzen duten gai garrantzitsuenak aletu ditu, eta Osasuna jarri du lehen postuan. Pradalesek aurreratu duenez, 5.000 milioi euro baino gehiago bideratuko dira arlo horretara, eta horrek ekarriko du “osasungintzan euskal herritar bakoitzeko 2.300 euroko inbertsioa”.

Pradalesek azpimarratu duenez, “hasieratik, gure lehentasuna izan da Europan erreferentziazko osasun publikoa izatea. Hori lortzeko modurik onena profesionalen eskutik joatea da, haiek baitira errealitatea ondoen ezagutzen dutenak”. Hortik sortu da Osasun Mahaia eratzeko erabakia. Haren egitekoa da etorkizuneko erronkei aurre egiteko oinarriak adostea. Bertan, inplikatutako eragile guztiek parte hartzen dute, hala nola, talde parlamentarioek, sindikatuek, elkargo profesionalek, unibertsitateek eta pazienteen ordezkariek. Hala ere, Lehendakariak zehaztu duenez, “epe luzeko ikuspegi horrekin batera, gure lana eta eguneroko zereginak uztartu behar ditugu, hala nola itxarote-zerrendak murriztea edo Lehen Mailako Arreta indartzea”.

Bestalde, eta Hezkuntzari dagokionez, gure hezkuntza-sistemaren emaitzak hobetzea eta gure ikasleen ekitatea eta gizarte-kohesioa mantentzea da aurrekontu-proiektu honen beste helburu nagusietako bat.

Bigarren zutabea: etorkizuneko eraldaketetan inbertitzea

Etorkizuneko erronkei aurre egiteko gure herrialdea ondo prestatuta egon behar dela ohartarazi du Pradalesek. “Apustu estrategikoak egin behar ditugu industrian, berrikuntzan eta gazterian”.

Lehendakariak berretsi du Europak, Estatu Batuen eta Txinaren mesedetan, munduan galtzen ari den protagonismoa berreskuratzeko gakoa dela kontinente zaharraren birjaiotze industriala bultzatzea. “Euskadik birjaiotze horren motorra izan behar du”, ziurtatu du Pradalesek.

“Ahalegina ‘Berrikuntzaren euskal itsasargietan’ zentratuko dugu, hau da, gure baliabideak Euskadirentzat estrategikoak diren gaietara bideratzean eta horiek indartzean”, adierazi du Lehendakariak. Ildo horretan, berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak Adimen Artifizialaren alde egindako apustu irmoa, gizartean garrantzia duten gaietan aplikatzeko, hala nola osasunean, hezkuntzan edo euskaran, talentua sortzean, ezagutzan eta gobernantzan, besteak beste.

Erronka demografikoak eta gazteen eta familien aldeko apustua

“Gure helburua argia da: gazteentzako etorkizuneko herria eraiki nahi dugu”, adierazi du Pradalesek. Erronka horri lotuta, familia eta lana uztartzea hobetzeko 330 milioi euroko laguntzak iragarri ditu. Inbertsio horrek barne hartzen ditu seme-alabengatiko laguntzak, haurtzaindegiak, bekak, etxebizitzak alokatzeko laguntzak eta enplegurako prestakuntza-programak. Horri dagokionez, Lehendakariak esan du “gizarte gisa huts egiten ariko garela soldata eta lan-baldintza onak, garapen profesionalerako aukerak eta kontziliaziorako erraztasunak eskaintzen ez badizkiegu”.

Hirugarren zutabea: komunitate zentzua indartzea

Aurretik aipatutako erronka guztiek zentzua dute komunitate indartsu bat atzean baldin badago, gogorarazi du Lehendakariak. “Komunitate ireki, orekatu eta justu bat nahi dugu”. Gizonen eta emakumeen arteko eskubide-berdintasun erreala eta eraginkorra, kultura eta balio kolektiboak ezinbesteko tresnak dira helburu horiek lortzeko. Pradalesek azpimarratu du garrantzitsua dela gure autogobernuaren, gure nortasunaren, gure kulturaren eta, bereziki, euskararen alde egiten jarraitzea, “gure hizkuntza gure kulturaren adierazpen gorena delako eta munduan bereizten gaituen altxorra”.