Eusko Jaurlaritzak bat egin du Zaintzaren eta Laguntzaren Nazioarteko Egunarekin eta gogorarazi du Zaintzaren aldeko Euskal Ituna legealdiko mugarrietako bat izango dela

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak bat egin du gaur Zaintzaren eta Laguntzaren Nazioarteko Egunarekin, iaztik Nazio Batuen Erakundeak urriaren 29an sustatzen duena. María Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur adierazi duenez, “ongizate-eredu familista batetik zaintza-eredu publiko eta komunitario batera igarotzearen alde dago Euskadi”. Ildo horretan, bozeramaileak adierazi duenez, Zaintzaren aldeko Euskal Ituna, lanketa prozesuan dena, “legegintzaldi honetako mugarri nagusietako bat izango da”. Itun horrek gure gizartearen beharrei eta erronkei erantzun behar die, eta zaintza-eredu inklusibo, bidezko eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko balio behar du.

Euskadin, emakumeek gizonek baino denbora gehiago ematen dute etxeko lanetan eta zaintza-lanetan. Emakumeek 4,9 ordu ematen dituzte egunean seme-alaba adingabeak zaintzen (3,5 ordu gizonek) eta 2,1 ordu etxeko lanetan (1,6 ordu gizonek), Eustat – Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera. Gainera, EAEn emakumeek erabili dituzte seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 86,3 eta mendeko beste senide batzuk zaintzeko eszedentzien % 75,9.

Errealitate hori errepikatu egiten da. NBEren kalkuluen arabera, emakumeek planetako ordaindu gabeko zaintza-lan guztien % 76,2 egiten dute. Gizonek baino 3,2 aldiz denbora gehiago. Euskadik zalantzan jartzen du generoan eta zaintza-ereduan oinarritutako rolen esleipen sozial hori. Eredu horrek emakumeei esleitzen die zaintzeko ardura, eta horregatik ez da bidezkoa.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, zaintza ondasun komuna da, interes orokorrekoa, eta sektore publikoak gidatu behar du, gizonen eta emakumeen eta, oro har, gizartearen partaidetza erantzunkidearekin. Gainera, EAEko errealitate demografikoa kontuan hartuta, zaintzaren beharra handiagoa izango da datozen urteetan.

Zaintza-premia handiagoa

2030eko hamarkadaren horizontean, baby-boom belaunaldiak eguneroko bizitzako jarduerak egiteko eta autonomia pertsonalerako laguntza behar izango duenean, Euskadik ongizate-eredu familista batetik eredu publiko eta komunitario propio baterako trantsizioa osatuta eduki beharko du. Lidergo publikoko eredua, sektoreen arteko lankidetzakoa, eta elkarri laguntzeko eta elkartasun antolaturako familia- eta komunitate-sareak aktibatuz, zaintzaren gizarte-antolaketatik abiatuta, zaintzak desfamilizatuz eta desfeminizatuz.

Horretarako, zaintza instituzionala indartu behar da familiaren aurrean, zaintzen dutenen zaintza bultzatu behar da, eta familiako zaintza askea, kritikoa, erantzukidea eta mugatua, eta, beraz, zaintza instituzionalarekin artikulatua, izateko baldintzak sustatu behar dira.

Eusko Jaurlaritza NBE Emakumeen Zainketen aldeko Aliantza Globaleko kide da. Iaz sartu zen gobernuak, gizarte zibileko erakundeak, enpresak eta funtsezko beste eragile batzuk biltzen dituen lankidetza-ekimen horretan, zaintza-sistemak eraldatzeko helburuarekin.

Nazioarteko proiektu honek zaintza-lana aintzatetsi, baloratu eta babestu nahi du, pertsona guztientzako eskuragarria eta kalitatezkoa izango dela ziurtatuz, gizonek zein emakumeek beste pertsona batzuk zaintzeko erantzukizuna partekatuko dutela ziurtatuz, sektorean lan-baldintza duinak lortzeaz gain.

Joan den abuztuan, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak Latinoamerikako eta Karibeko politikak eta zaintza-sistemak finantzatzeko erronkei buruzko Ikaskuntza Komunitatean parte hartu zuen, Oxfam Zaintzaren aldeko Aliantza Globalak eta NBE Emakumeen elkarteak antolatuta.