Jaurlaritzak 10,5 milioi euro bideratuko ditu gazteei eta adingabeei harrera- eta gizarteratze-zentroetan laguntzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eta Gaztaroan Ekin, Berriztu eta Gaztedi elkarteen arteko hainbat lankidetza-hitzarmen luzatzea, harrera- edo gizarteratze-neurriak bete behar dituzten gazteei eta adingabeei laguntzeko, baita gizartearen aldeko prestazioak egiteko ere.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék proposatuta, lau hitzarmen luzatzea erabaki da. Hitzarmen horiek 2026ko abenduaren 31ra arte luzatuko dira, eta horiekin gazte-justizian jarriko da arreta, eta, zehazki, erregimen irekian neurri judizialak edo, kasu batzuetan, askatasunaz gabetzeko neurriak bete behar dituzten adingabeen egoitza-arretan eta hezkuntzaren arloko esku-hartze integralean.

Gaztaroan Ekin elkartearekin sinatutako hitzarmenaren xedea da Arabako Andoiu-Gorbeia ikastetxean 16 neska adingabe eta gazteri egoitza-harrerako eta gizarteratzeko neurriak betearaztea, baldin eta kautelazko neurri irmo bat bete behar badute iraupen laburreko erregimen ireki, erdi ireki edo itxietan, baita terapeutikoetan edo hezkuntza-taldeetako edo asteburuko egonaldietako bizikidetza-neurrietan ere. Horretarako 3,9 milioi bideratuko dira 2025 eta 2026 bitartean.

Era berean, bi hitzarmen luzatu dira Berriztu Hezkuntza Elkartearekin. Lehenengoa Urgozo ikastetxean (Bizkaia) iraupen laburreko edozein erregimenetan kautelazko neurri irmo bat ere bete behar duten 10 adingabe eta gazteri egoitza-harrera egitea eta gizarteratzea da. 2,5 milioi euroko aurrekontua du. Bestalde, bigarren hitzarmenarekin, Berriztuk Arratzua-Ubarrundiako (Araba) Uribarri ikastetxean garatuko du bere jarduera, Bizkaiko ikastetxearen antzeko neurriak dituzten 16 adingabe eta gazterekin, baita eguneko zentrora edo zaintzapeko askatasunera joateko Adingabeen Epaitegiek ezarritako neurriak betetzeko beste zortzi plazarekin ere. Onartutako zuzkidura 4,1 milioi eurokoa da.

Azkenik, luzatu egin da Gaztedi esku-hartze sozialeko elkartearekin sinatutako hitzarmena, adingabeen epaitegi batek ezarritako neurri hori bete behar duten adingabeei eta gazteei zuzendutako Gizartearentzako Prestazioen Programa garatzeko eta bitartekaritza-prozedura batean adostutako zeharkako erreparazioa egiteko. Horretarako, gehienez 15.000 euro bideratuko dira.