eLankidetzak 39 milioi euroko laguntza emango die hainbat GGKeri Hegoko 23 herrialdetan 87 proiektu garatzeko

0
PRUEBA

04eLankidetza- Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, ia 39,5 miloi euro eman dizkie hiru modalitatetan banatzen diren 87 proiekturi: garapenerako lankidetzako proiektuak; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza proiektuak. Deialdi hori da eLankidetzaren ardatz garrantzitsuena, bai funtsei dagokionez, eta baita sustatzen dituen eragile eta ekintza kopuruagatik ere.

eLankidetzaren lehentasun estrategikoei jarraituz, onartutako ekimenen % 20 emakumeen ahalduntzeari edo desparekotasunak desagertzeari zuzenduak daude. Gainera, % 9 giza eskubideen defendatzaileak babestera bideratuko dira, eta % 20 Saharaz Hegoaldeko Afrikan gauzatuko dira.

Lankidetza eta elkartasuna

Garapenerako lankidetzaren proiektuek balio dute pobreziaren aurkako borrokarako eta pobretutako Hegoko herrialdeen tokiko garapenerako prozesuak indartzeko.

Azken horietara bideratu dira funts gehienak ─31,7 milioi euro inguru─ eta 59 proiektuk jasoko dute dirulaguntza. 23 herrialdetan egingo dira, eta horietatik nagusiak honako hauek dira: Guatemala, El Salvador, Peru, Mexiko, Ekuador, Kolonbia, Senegal eta Kongoko Errepublika Demokratikoa.

Garapenerako lankidetzako proiektuak Euskadiko eta Hegoko erakundeen bidez gauzatuko dira. Nagusiki bideratuko dira, besteak beste, emakumeen ahalduntzera, genero indarkeriaren aurkako borrokara, herri indigenen eta LGTBI+ pertsonen eskubideen babesera, komunitateen elikagai burujabetzara edo erakundeen sendotzera.

Garapen produktiborako, prestakuntzarako eta laguntza teknologikorako ekimenei dagokienez, 3 proiektu onartu dira Kuban, Bolivian eta Ekuadorren. Guztira, ia milioi bat euro jasoko dituzte.

Azkenik, gizarte-eraldaketarako hezkuntzan 25 proiektu onartu dira, eta 6,6 milioi euro zuzenduko dira. Hezkuntza ekimen gehienak esparru formalean gauzatuko dira, eta jorratuko dituzte, hola nola feminismoak eta genero ekitatea, giza eskubideak, migrazioak eta asiloa, edo ekonomia sozial eta solidarioa.

Proiektu gehienak Euskadin egingo dira, eta Hegoko errealitatearekin lotura izango dute; izan ere, helburua da munduko desberdintasunak sortzen dituzten egiturazko arrazoien ulermena sustatzea eta, gizartea eraldatzeko, euskal herritarren inplikazioa eta elkartasunerako konpromisoa bultzatzea.