Osakidetzak herritar guztiengana zabaldu du gripearen aurkako txertoa

0

Osakidetzaren gripearen aurkako txertaketa-kanpaina aurrera doa, eta arreta arrisku-taldeetan jartzen jarraitzen badu ere, astelehenetik aurrera, edonork har dezake gripearen aurkako txertoa, gonbidapena herritar guztiei luzatu baitzaie. Kanpaina urriaren 7an hasi zenetik, Osakidetzak gripearen aurkako txertoaren 349.066 dosi baino gehiago jarri ditu; horietatik 10.689 baino gehiago haurrei, iaz baino %30 gehiago, nahiz eta oraindik ere hobetzeko tartea egon.

Orain arte, txertoa jartzeko gonbidapena arrisku-kolektiboei luzatu zaie, hau da, 60 urtetik gorakoei, bai eta gaixotasun kronikoren bat duten pertsonenei edo haurdun dauden emakumeei ere. Gonbidapen hori mahaigainean mantendu arren, astelehen honetatik aurrera, nahi duten guztiei luzatu zaie, arrisku-taldeetan egon ala ez, iaz bezala immunitate kolektibo handiagoa lortzeko helburuarekin.

Osakidetzak zita hartzeko bi modu finkatu ditu: bere web-orriaren bidez, Aurretiko Zita atalean, edo erreferentziako osasun-zentrora deituz. Kanpaina urriaren 7an hasi zenetik, Osakidetzak gripearen aurkako 349.066 txerto baino gehiago jarri ditu, iaz baino % 3,8 gehiago. Gainera, % 70ek erabaki dute aldi berean COVIDaren aurkako txertoa hartzea. Gogoratu behar da arrisku-taldeei bi txertoak batera jasotzeko aukera eskaintzen zaiela, hala nahi badute.

UMEEN TXERTAKETA

Bigarren urtez jarraian, gainera, Osakidetzak umeengan jarri du fokua; izan ere, haurrak ere kalteberak dira eta, gainera, kutsatzaile handiak. Are gehiago, Osakidetzak txerto hori haurren txertaketa-egutegian sartu du; hala, 6 hilabete baino gehiago eta 5 urte baino gutxiago dituztenek sistematikoki jasoko dute txertoa, egutegi horretan sartuta dauden beste txerto batzuekin egiten den bezala. Gainera, ziztadak saihesteko eta, horrela, atxikidura handiagoa lortzeko, txertoa sudurretik ematen zaie.

Orain arte, kolektibo horri guztira 10.689 dosi jarri zaizkio, iaz baino %30 gehiago. Hala ere, Osakidetzak onartzen du oraindik kopuru txikia dela, eta adin horretako haurrak dituzten familiei dei egiten die txertoa jar diezaieten.

ZERGATIK HARTU GRIPEAREN AURKAKO TXERTOA?

Gripea gaixotasun infekziosoa da, influenza birusak eragindakoa. Arnas sistemari eragiten dio batez ere (sudurra, eztarria eta birikak), eta erraz hedatzen da pertsona batetik bestera, normalean airearen bidez, norbaitek eztul edo doministiku egiten duenean.  Gripea duten pertsonek honako sintoma hauetako batzuk izaten dituzte maiz: sukarra, eztarriko mina, mukiak, eztul lehorra, zefalea, muskuluetako mina eta nekea. Kasu larriagoetan, bereziki aurretik osasun-arazoak zituzten pertsonen kasuan, gripeak konplikazioak eragin ditzake, hala nola pneumonia.

Hainbat arrazoi daude urtero gripearen aurkako txertoa hartzeko:

  • Infekzioa prebenitzen laguntzen du, eta kutsatuz gero, sintomen larritasuna murrizten du.
  • Ospitalizazio-arriskua murriztu egiten da, batez ere gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen artean.
  • Haurdunaldian, ama, haurtxoa eta bularreko haurra babesten ditu bizitzako lehen hilabeteetan.
  • Komunitatea babesten laguntzen du, bereziki pertsona kalteberenak, birusaren hedapena mugatuz.

Txertoa jartzeaz gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazten dute gripea eta COVIDa prebenitu daitezkeela zenbait neurri errespetatuz: eskuak garbitu, maskara erabili – gomendagarria sintomak izanez gero -, jende-pilaketak saihestu eta  gune itxiak aireztatu.