Bingen Zupiria: “Ez dugu ahaleginik ez baliabiderik murriztuko Larrialdietan. Herritarren ongizatearen eta lasaitasunaren zati handi bat kontu honi lotuta dago”

0
  • Segurtasuneko sailburuak 796,3 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean 2025erako
  • Zupiriak indarrean dagoen legeria eta araudia berrikusiko dituela iragarri du, azken gertakarien harira, larrialdiei erantzuteko prozeduren antolamendu egokia bermatzeko

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak berak zuzentzen duen sailaren 2025eko aurrekontu aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Guztira, 2025ean Segurtasun Sailaren aurrekontua 796.321.228 eurokoa izango da, aurtengoa baino % 0,78 gehiago. Kontuan izan behar da 2024. urtea hauteskunde urtea izan dela eta 11 milioi euroko aurrekontua zegoela horretara bideratuta. 2025eko aurrekontuak ez du partida hori jasotzen, beraz, Segurtasun Sailaren aurrekontuaren hazkunde efektiboa % 2,2koa izango litzateke: 17 milioi eurotik gorako igoera.

Segurtasun sailburuak azaldu duenez, 2025eko aurrekontua «datozen lau urteetan egin nahi dugun bidearen oinarri batzuk jartzera eta beste batzuk sendotzera dator”. Zupiriarekin batera, Ricardo Ituarte eta Joana Egiluz, saileko egitura berriarekin Segurtasun eta Herritarren Babeserako sailburuordeak izango direnak, eta Miren Dobaran Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendaria izan dira Eusko Legebiltzarrean.

Segurtasun Sailak legegintzaldi honetarako duen helburu nagusietako bat «Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokor» berria diseinatzea da. Sailburuak Eusko Legebiltzarrean adierazi duenez, «segurtasun-plan honetan garrantzi berezia emango diogu larrialdien eta meteorologiaren arloari». Zupiriak iragarri duenez, Legebiltzarrak 2016an onartutako Larrialdiak Kudeatzeko Legea oinarri hartuta, azken gertakarien harira indarrean dagoen legeria eta araudia aztertuko dira, larrialdiei aurre egiteko prozedurak behar bezala antolatuta daudela bermatzeko. Era berean, lurraldean zehar dauden era guztietako baliabideen egoera eta funtzionamendua aztertuko da, eta beharrezkoak diren inbertsioak egingo dira. Erakundeen arteko komunikazioa eta koordinazioa bermatzeko tresna guztiak ere landuko dira. «Azken egunotako gertaerek inoiz baino argiago utzi dute koordinazio eta Komunikazio egoki baten premia” adierazi du Zupiriak, eta gaineratu duenez, “gure autogobernu-ereduaren ondorioz, Euskadin dugun arkitektura instituzionalak ahalbidetu egiten du mota guztietako baliabideak edukitzea (materialak eta profesionalak) gure herritarren zerbitzura, eta halako kasuetan, gurea deskuidatu barik, elkartasuna ere aintzat hartu beharrean gaude”.

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak 6,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean. Aurrekontu horretan, nabarmentzekoak dira baliabide berrietan inbertitzeko aurreikuspenak (300.000  euro itsas salbamenduko ontzi berri baterako eta 112ko Koordinazio Aretoan teknologia berriak sartzeko) eta berriki kontratatutako suteen aurkako helikopteroaren erabilgarritasuna (1,2 milioi), hiru foru-aldundiekin koordinatuta. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren barruan, 2025a izango da Euskalmetek sozietate publiko gisa aurrekontua izango duen lehen urtea. Aurrekontua 3 milioi ingurukoa izango da. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak nabarmendu duenez, «balioan jarri behar da gure meteorologia-agentzia propioa izatea, bere baliabideekin, guk zuzenean kudeatu dezakegun alerta-sistema batekin, prebentzioan hobeto lan egin ahal izateko, erantzun behar denean, erantzuna ahalik eta azkarrena izan dadin. Euskalmet etengabe ari da zaintza eta aurreikuspen lanetan, eta ikerketa bokazioa ere badauka ahalik eta eguneratuen egon ahal izateko. Ez gaude zorigaitzetik libre. Beti gerta liteke ezbeharren bat. Gurean ere gertatu izan dira. Baina ahalegin guztia egingo dugu prest egoteko, alertak eta erantzunak behar bezala aktibatzeko, zerbait gertatuko balitz, kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen”.

Aurrekontuak

Segurtasun Sailak bere aurrekontuaren zati handi bat langile-gastuetara bideratzen du, eta datorren urtean 385,5 milioi eurokoa izango da, hau da, aurten baino 8 milioi euro gehiago.

Zibersegurtasunaren Euskal Agentziaren aurrekontua beste 2 milioi handituko da, eta duela hilabete batzuk lanean hasi ondoren, jarduera eta zerbitzua osatzeko beharrari erantzungo diote. Cyberzaintzaren helburua da EAEko administrazioaren eta azpiegitura sentikorren aurkako eraso-arriskuei aurrea hartzeko eta erantzuteko zerbitzuak eta gaitasunak areagotzea, ziberdelituek gora egiten jarraitzen duten testuinguruan.

Informatika-sistemak hobetzen eta modernizatzen jarraitu ahal izateko, 44,5 milioi euroko inbertsioa egingo da Informatikaren eta Telekomunikazioen arloan. 1,2 milioi gehiago erabiliko dira inbertsioak egiteko eta softwarea eguneratzeko.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 23,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, aurten baino % 18,5 gehiago. Horrela, profesionalen lan ibilbide osoko prestakuntza jarraituan inbertituko. Segurtasuneko sailburuak azaldu duenez, «Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eginbeharra da prestakuntzarik egokiena ematea euskal polizia eta larrialdietako profesional guztiei, herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko. Gure gizarte konplexu eta aldakorrean unean-unean sortzen diren arazo, ezbehar eta erronken aurrean, Aurkautiko akademiak prestatuko ditu ekipoak honako ezaugarri hauekin: profesionaltasunez trebatuak, arduratsu jokatzeko gaituak eta gaitasun anitzekoak”.

Euskal Polizia eta Larrialdi sistemarako egiten diren ikasketa ibilbideetan eleaniztasuna, kultur aniztasuna eta berdintasuna txertatuko dira. Era berean, Arkauteko Akademiak beti bermatuko du bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea, bai promozio berriak hautatzeko prozesuetan, bai barne-prozesuetan, bai Arkautek gainerako erakundeei bere prozesuetarako eskaintzen dien laguntzan.

Gainera, Zupiriak iragarri du bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko Hizkuntza-Irizpideak ezarriko direla, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

Ertzaintza

Segurtasun Sailaren aurrekontuaren % 94 Ertzaintzari zuzenduta dago. «Ertzaintza Zerbitzuan» programak Ertzaintzak bere ohiko funtzionamendurako behar duen guztia biltzen du: langileak, aplikazioak, baliabide materialak… Guztira 750.536,178 euro izango dira Ertzaintzaren beharrei erantzuteko, 2024an baino 12,5 milioi euro gehiago. Partida horretan sartzen dira, besteak beste, langileen gastuak, Ertzaintzaren arropak, armak eta munizioa, Polizia Zientifikoarekin eta Ikerkuntzarekin lotutako kontzeptuak eta Informatikan eta Telekomunikazioetan egindako inbertsioak.

Segurtasun Sailak 47,6 milioi euroko aurrekontu-partida izango du inbertsioetarako, aurten baino 2,3 milioi euro gutxiago, eta honela gauzatuko dira:

  • Urte honen amaiera eta 2025eko lehen hilabeteen artean, 300 ibilgailu inguru jabetzan entregatuko ditugu. 2025ean, 5,2 milioi euro erabiliko dira patruila-autoetarako, eta milioi bat euro baino gehiago Trafiko Unitateetako eta Zaintza eta Erreskate Unitateko ibilgailuetarako. Hau da, jabetzako polizia-ibilgailuen bi heren berrituko dira.
  • Ibilgailuentzako karga elektrikoko sistemen instalazioa osatuko da (1,5 milioi euro)
  • Helikopteroen flota berritzen amaituko da (2,25 milioi euro)
  • 2 milioi gehiago inbertituko dira eraikinetan, instalazioak eraberritzeko eta modernizatzeko proiektuez gain, Donostiako ertzain-etxean energia-eraginkortasuna hobetzeko obrak egiteko, handitze-lanak hasteko eta Durangoko ertzain-etxean eraikin berria egiteko.

Berdintasuna

Halaber, Segurtasuneko sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela EBA (Etxekoen Emakumeen Babes Sistema) sistema eguneratzen jarraitzea, Barne Ministerioaren VIOGEN2rekin konektatu ondoren, beste jauzi kualitatibo bat eman ahal izateko indarkeria eta eraso matxistak jasaten dituzten emakumeen babesean.

Gainera, Segurtasun Sailak berdintasun-plangintzarekin jarraituko du, bai sailean, bai Ertzaintzan, eta genero-ikuspegia txertatuko da egin beharreko erosketetan. Helburu horretan Arkauteko Akademiak izango duen garrantzia azpimarratu du Zupiriak, adibidez, genero-ikuspegia duten materialak sortuz, gure gizartearen aniztasuna kontuan hartuta. Arkautiko irakasle eta langile guztiek berdintasunari buruzko prestakuntza jasoko dute.

Trafikoa eta Jokoa eta Ikuskizunak

Segurtasun Sailak, gainera, programa espezifikoagoak izango ditu zuzendaritza guztien beharrei erantzun ahal izateko. Horrela, Trafiko Zuzendaritzak 914.795 euroko gehikuntza izango du bide-segurtasunaren arloan prestakuntza- eta sentsibilizazio-tresnak garatzeko eta trafikoko gorabeherei arreta emateko bitartekoak eta ibilgailuak premiaz erretiratzeko zerbitzuak areagotzeko.

Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak % 2,85eko igoera izango du (3,5 milioi euro) Jokoaren Euskal Behatokia garatzeko UPV/EHUrekin sinatutako hitzarmenarekin jarraitzeko.

2025eko helburuak

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak 2025erako lau helburu nagusiak ere gogorarazi ditu Eusko Legebiltzarrean:

  • Ertzaintzan, Plazak betetzeko Plan bat diseinatzea, plantillan dauden 8.000 agenteak betetzea ahalbidetuko diguna.
  • Euskadiko Segurtasun Publikoaren 2020-2025 Plan Orokorra ixtea eta hurrengorako diagnostikoa eta azterketak egiten hastea.
  • Etengabeko elkarrizketan jarraitzea, bai profesionalekin, bai alde sozialarekin, Ertzaintzaren premiei erantzuteko. Horrek eragin zuzena eta positiboa izango duelako herritarrei eskaintzen diegun segurtasunaren inguruko zerbitzu publikoaren balorazioan.
  • Ertzaintzaren lan baldintzen inguruko Akordio Arautzaile berria lortzea.

Ogasun eta Aurrekontu Batzordean egindako agerraldian, Zupiriak azpimarratu du «zenbakiei balio erantsia eman behar diegu Euskadik merezi duen Segurtasunaren inguruko zerbitzu publikoa indartzen jarraitzeko. Gure erantzukizuna delako eta zerbitzu hau eskaintzen duten profesionalengan konfiantza osoa dugulako «.