Denis Itxasok lankidetzak ezarri ditu Bartzelonan Generalitaterekin eta Udalarekin etxebizitzaren arloko erronka komunei aurre egiteko

0

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua Silvia Paneque Kataluniako Etxebizitzako kontseilariarekin, Jaume Collboni Bartzelonako alkatearekin eta Bartzelonako Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza arloko langileekin bildu da

EAEko Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok harreman instituzionalak abiarazi ditu Katalunian, bai Generalitaterekin, bai Bartzelonako Udalarekin, etxebizitzaren eta hiri-plangintzaren arloko erronka komunei aurre egiteko. Gainera, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Europako Batzordeak antolatutako Workshop batean parte hartu du, Barcelona Smart City Expo World Congress testuinguruan.

Astelehenean, Kataluniako Etxebizitzako kontseilari Silvia Panequerekin bildu da Itxaso. Topaketa horretan, eremu tentsionatuen izendapenaren aplikazioa aztertu dute, baita eremu horiek alokairuaren merkatuan duten eragina ere. Era berean, etxebizitzaren arloko esperientzia berritzaileak baloratu dituzte, besteak beste erabilera lagatzeko kooperatibak edo cohousinga, gazteek etxebizitza eskuragarriago izateko eta belaunaldien arteko bizitoki-esperientziak abian jartzeko alternatiba eraginkorrak. Puntu honetan adostu dute “hainbat herrialdetan egiten ari diren jardunbide egokiak aztertzea eta partekatzea, baita proiektuak Europako erakundeen aurrean elkarrekin aurkezteko misioen garapena aztertzea ere”, sailburuak azpimarratu duenez. Bileran, Salvador Illa Generalitateko presidenteak aurkeztu berri duen Etxebizitza Planaren mekanismo eta proposamenen xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du Itxasok.

Bestalde, Kataluniako Generalitateko Etxebizitzako kontseilariak balioan jarri du etxebizitzaren arloan estrategiak partekatu izanari”, eta esker ona adierazi du “Kataluniak 50.000 etxebizitza eskuragarri eraikitzeko 2030era arte duen proiektua azaltzeko aukera izan dudalako. Uste dut ahaleginak batzea eta estrategiak trukatzea oso onuragarria izan daitekeela bi erakundeentzat”, Panequek nabarmendu duenez.

Asteartean, Itxasok bilera izan du Bartzelonako alkate Jaume Collbonirekin, eta Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak interesa agertu du Kataluniako hiriburuak bizi duen bizitegi-larrialdiaren eta Udala egoerari aurre egiteko aplikatzen ari den politika publikoen aurrean. Bereziki, Itxasok interesa agertu du alokairuaren prezioek urteko bigarren hiruhilekoan izan duten beherakadagatik (% 5,2), eremu tentsionatu izendatu ondoren, eta alkateak pisu turistikoak kentzeko egindako apustuaren inguruan. “Funtsezkoa da estrategiak eta jardunbide egokiak partekatzea etxebizitza eskuragarriaren kudeaketan. Etxebizitza eskuratzeko ikuspegi aurrerakoia duten autonomia-erkidegoen arteko lankidetza funtsezkoa da eskaintzarik ezari eta alokairuaren prezioen goranzko joerari elkarrekin aurre egiteko”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak.

Era berean, Denis Itxasok etxebizitza industrializatuetako obrak bisitatu ditu Bartzelonako Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza arloko langileekin batera. Bisitan, sailburuak nabarmendu du industrializazioak garrantzi handia duela eraikuntzan: “Metodo industrializatuak erabiltzeak, etxebizitzen ekoizpena azkartzeaz gain, soluzio eskuragarriagoak eta jasangarriagoak eskaintzen dizkigu gehien behar duten familientzat”. Bisitaren ondoren, Denis Itxasok etxebizitzaren aldeko Europako hirien balizko aliantzari buruzko iritziak trukatzeko aukera izan du, kontuan hartuta horrek indartu egingo lukeela udalek betetzen duten zeregina etxebizitza publiko gehiago eraikitzeko erabakiak hartzerakoan. Bere hitzetan, “loturak ezartzea da nik zuzentzen dudan sailaren borondatea, herritarren ongizatean lagunduko duten politikak inplementatu eta hobetzeko helburuz”, gaineratu du sailburuak.

Bestetik, Europako Batzordeak antolatutako workshop batean parte hartu du Itxasok, Barcelona Smart City Expo World Congressen testuinguruan. Sailburuaren hitzaldia etxebizitza eskuragarrirako politiken garapenean oinarritu da, eta adierazi duenez, “funtsezkoa da elkarrekin lan egitea eraikuntzaren irisgarritasuna eta jasangarritasuna hobetzeko, pertsona bakoitzak etxebizitza duin bat izatea ziurtatuz”. Eta, amaitzeko, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela “soluzio eraginkorrak bilatzeko, aurre egiten ari garen etxebizitzaren erronketarako”. Hori guztia “elkarlanaren eta ezagutzak trukatzearen bidez gauzatzen da, guztiontzat jasangarriagoa eta eskuragarriagoa izango den etorkizuna eraikitzeko”, esanez amaitu du Denis Itxasok.