Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak gizarte-ekonomian enpresen arteko lankidetzarako laguntza berriak onartu ditu

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua Salón de Actos y escudo de Euskadi

267.000 euroko dirulaguntzaren helburua da lankidetza-proiektuen prestaketa eta ezarpena finantzatzea, bai eta akordioak formalizatzea eta enpresak sortzea ere

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Gizarte Ekonomian enpresen arteko lankidetza bultzatzeko laguntzak onartu ditu gaur, 267.000 euroko zenbatekoarekin, 2023an baino 100.000 euro gehiago. Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.

Dirulaguntza-programa honen helburua honako hauek finantzatzea da: lankidetza-proiektuak egitea eta ezartzea, akordioak egitea eta formalizatzea, lankidetza-enpresak edo -egiturak sortzea, eta gizarte-ekonomiako enpresen bat-egiteak prestatzea eta formalizatzea.

Bat-egiteen kasuan, diruz lagundu nahi da, halaber, xurgatutako sozietatetik datozen bazkideek sozietate xurgatzailearen kapital sozialari egindako ekarpen berrien harpidetza.

Gainera, laguntza hauen helburua da Euskadiko gizarte-ekonomiaren ordezkaritza handiena duten erakundeek beren bazkideentzat egindako lankidetza-jarduerak finantzatzea, bai eta elkartekideen artean elkarlanean diseinatutako mekanismoak eta tresnak ezartzea ere.

Erakunde onuradunak

Lankidetza-proiektuetarako, akordioak eta enpresak sortzeko, eta gizarte-ekonomiako enpresen bat-egiteetarako, erakunde onuradunak kooperatiba-sozietateak, lan-sozietateak eta gizarte-ekonomiako enpresa-lankidetzarako egiturak izan daitezke.

Baterako estrategiak diseinatzeko, aldiz, gizarte-ekonomiako enpresek osatutako erakundeak izan daitezke onuradunak, eta bat egindako enpresen pertsona fisikoentzat, berriz, enpresak bat egiteko prozesuan xurgatzen diren erakundeetako bazkideak.